Jolasa modu askotan uler daitekeen akzioa da, baina normalean, umeei lotutako aisialdi aktibitate bezala jorratzen da gaia. Hala ere, ikerketen bidez hanbat adituek ondorioztatu dute ondo pasatzea eta aisialdia bermatzea ez ezik, jolasteak beste gauza asko ere eskaintzen dituela, eta ezerezte hutsa dela denbora librea pasatzeko umeen aktibitate bezala soilik ulertzea.
Mendez mende, jolasak funtzio ezberdinak bete ditu: aurreko belaunaldien bizimodua ordezkatzea, fikzioa sortzea… Baita Freudek ere bere psikoanalisiaren teoriatik jolasari buruz apunte batzuk egin zituen, haurrek beren desio eta sentimendu asegabeak gauzatzeko barne-prozesu emozional bezala deskribatuz.
Baina teoriatik haratago, jolasak hainbat faktoreen eragina jaso du, eta fenomeno soziologiko bezala ulertu ahal dugun heinean, harreman zuzena izan du gizarteko beste zenbait gertakariekin. Ernesto Gutiérrez-Crespok, Euskadiko Psikopedagogia Elkarteko (ApsidE) presidenteak, jolasaren garapena gizartearen garapenetik at ezin dela kokatu zehazten du. Gaur egun tradizionalak bezala identifikatzen ditugun jolas batzuek XX. mendean dute jatorria: kanikak, tronpoa, ezkutaketa… “Jolas guzti horiek ezaugarri bat zeukaten amankomunean: taldean egiten ziren, eta eremu publikoa okupatzea eskatzen zuten; orain, ordea, hori ezinezkoa da hirigintza-garapenaren ondorioz”. Horrela, hirigintza ez ezik, beste hainbat faktore daude non jolasaren eta gizartearen garapena topatzen diren: errutina aldaketak, teknologiaren agerpena… Horregatik “hain garrantzitsua da eskolen, aisialdi taldeen eta ludoteken lana, teknologiarekin bakarrik lotuta ez dagoen jokoari buruzko ikusmolde bat berreskuratzeko”
Jolasaren beharrez eta onurez
Ernesto Gutiérrez-Crespok “haurren garapen integralerako jarduera naturala eta ezinbestekoa” bezala definitzen du jolasa. Umeek, jolasaren bidez, mundua zein den ikusi, ikertu eta ulertuko dute, eta horregatik pedagogiatik hainbeste garrantzia eman zaio jolasari ikaskuntza prozesurako ezinbesteko metodologia bezala.
Jokoak mugimendurako gaitasuna eta trebetasuna garatzen du, tentsioak askatzea bultzatzen du, emozioak modu egokian adierazteko aukera ematen du… “Norberaren gorputza, haren aukerak eta mugak ezagutzen laguntzen du, eta esperientzia-iturri bat da, arauak eta horiek errespetatzen ikasteko aukera ematen du jolasak”.
Beste alde batetik, pertsonalitatea garatzeko aukera ematen du. Aldi berean, jolasaren bidez arazoak konpontzeko gaitasuna, arreta, pentsamendua, umorea, nortasuna eta jarrera landu daitezke, hipokanpoa eta garun azal prefrontala lantzen delako.
Jokoak dakarren mugimenduak eta aktibitate sentsorialak, nerbio-sistemaren heltzea errazten dute eta gorputzeko atalen koordinazioa bultzatzen dute. Hau da, “muskuluen kontrola, oreka, pertzepzioa, eta berebiziko garrantzia duen norberaren gorputzaren erabileran konfiantza izatea” jolasen ondorio positiboak ere badira.
Jolastuz, egunerokotasuna sortu
Jostailuek ere berebiziko garrantzia daukate, horien bidez, umeek zeharkako irakaspenak lortu ahal dutelako: jolasteko momentua amaitzen denean, jostailuak batu behar direnez, ordenaren gaitasuna garatu ahal dute, edota sukalde jostailua erabiltzen, elikagai osasuntsuak aukeratzearen garrantzian heziko dira.
Aldi berean, bainua bezalako higiene-ohiturak garatzea dibertigarriagoa da jostailuekin edo uretako jolasekin egiten badugu. “Gure seme-alaben ohituretan jolas-elementuak sartzea lortzen badugu, askoz errazagoa izango da inposizioaren bidez baino”, dio Guitérrez-Crespok. “Nik esaten dudalako” formula alde batera uzteko aukera egokia da, baina, zelan jarri ahal dira mugak egoerak jolasak eskaintzen dituen onurak gainditu dituenean?
“Oso garrantzitsua da hezitzaileak positibotasuna, koherentzia eta irmotasuna aplikatuz egitea”. Helburuak zehazten ditugun bezala, argi izan behar dugu zeintzuk izango diren mugak. Ernesto Gutiérrez-Crespok mugak zehaztu ez ezik, hauek modu erraz batean transmititu behar direla zehazten du.
Gurasoek edota tutoreek helburuak zehazteko ardura hartu beharko dute, baita mugak eta arauak ere. Ondorioak ere presente egon beharko dira: “Haurrak jakin behar du bere portaera desegokia denean ondorioak izango dituela, baina horrek ez duela zertan hurbiltasun emozionala haustu behar”.
Jolasaren bidezko kudeaketa
Josune Rodríguez-Negro ariketa fisikoan eta kirolan doktorea da eta aurten liburu bat argitaratu du: “La gestión del aula en educación física. Herramientas y estrategias para el docente”. Horretan ere jolasaren gaiari ekin dio: “Haurtzaroan ez jolasteak epe laburrean, erdian eta luzean eragin ahal du, bereziki garapen kognitiboan, motorrean eta emozionalean”.
Gamifikazioa jolasaren dinamika inguru ez ludikoetan erabiltzean datza, eta ez dugu jolasean oinarrituta dagoen ikasketarekin nahastu behar. Azkeneko honetan jada existitzen den jolas bat aldatzen dugu horren bidez helburu hezitzaile batzuetara heltzeko (adibidez, ezaguna den Monopoly-a). Beste alde batetik, gamifikazioan ikasleak “abentura baten parte” bihurtzen dira. Rodríguez-Negroren lehen hezkuntzako ikasleak aurten ninjak izan dira, eta haien helburua lapurtutako dokumentu batzuk berreskuratzea izan da. Horrela, konturatu gabe, ninja entrenamenduen bidez gaitasun motorrak landu dituzten bitartean, beste ezaugarri batzuk garatu dituzte: “taldeka lan egin dute, koordinazioa hobetu dute, lateralitatea…”.
Doktorea, irakaslea eta idazlea ez ezik, Josunek edukia sortzen du sare sozialetan, eta besteak beste, ikastetxeetako patioen inguruko proposamenak argitaratu ditu. Rodriguez-Negro doktoreak “eskola-ordutegian funtsezko gunea” dela dio: “Ikasleek jolasten, erlaxatzen eta harremanak egiten dituzte hor. Hala ere, eskolako jazarpen eta diskriminazio gehien izaten den espazioetako bat da, ez baita eremu arautua”. Josunek proposamen ezberdinak egin ditu patioak berdintasunezko espazioak izateko, eta proposamen horiek jolasa dute oinarri.
Futbola patioan leku eta denbora gehien hartzen duen aktibitatea da. Zer eragin du honek? Futbolean arituko ez diren umeak patioaren ertzetara baztertuta gelditzea. Beste gauza batzuetara jolastu nahi duten umeek askotan “ez daukate ez materialik, ez espaziorik”. Josune Rodríguez-Negrok patio inklusiboen aldeko apustua egiten du, “aukera amaigabeak” daudela argudiatuz: espazioen errotazioa egin daiteke, kirolak egiteko guneak zehaztu ahal dira, baita zirkua praktikatzeko edota material sentsorialak erabiltzeko guneak ere sortu ahal dira: “Patio aktibo eta inklusibo baten sorrerak jolas-espazio ezberdinak sortzeko aukera ematen du”.
Medikuek jolasa preskribatzearen defentsan
Natalia Arrechea eta Marian Irastorza haur psikiatrak eta Marga Aizpuru, psikologo klinikoa izan ziren proiektu honi hasiera eman zioten profesionalak. Haien hitzetan, proiektuak “errealitate bikoitz eta kezkagarri” batean du jatorria: alde batetik, haur eta gazteen laguntza-eskaeraren hazkunde esponentziala, eta beste alde batetik, haurraren bizitzan, jolasa hartu duen bigarren mailako lekua, pantailek eta eskolaz kanpoko jarduerek erreferentzialtasuna irabaziz.
2012an “Observatorio del Juego” elkarteak hainbat Autonomia Erkidegoetan egindako inkesta baten ondoren, umeen herena bakarrik jolasten dela ziurtatu zuen. Hori ez ezik, jolasean ez zutela denbora nahikorik ematen ziurtatzen zuen. Hiru profesionalek bat egiten dute Gutiérrez-Crespok aurkeztutako jolasaren eta garaiko gizartearen arteko loturarekin. Hari horretatik, gizartearen hainbat aspektu seinalatu dituzte jolasaren garrantziaren galera azaltzeko: familiak txikiagoak dira, seme-alaba gutxiago daude etxeetan, lehiakortasuna igo da, indibidualismoan bizi gara, mugikorren agerpena, sare sozialak, bideo-jokoak…
Jolasean ikusi diren onura guztien artean, osasunarekin lotura dutenak ere badaude. Aspektu horrek eta proiektuaren profesionalen helburuek izena eman zioten proiektuari: “Gustatuko litzaiguke jolasa psikologikoki osasungarria den jarduera gisa identifikatzea, eta kirolarekin gertatu den bezala ezagutaraztea, adibidez. Gure asmoa da pediatria-taldeak, emaginak eta Oinarrizko Osasun Laguntzako medikuak jokoa preskribatzea”.
Intentzioa jolasaren balorea ezagutaraztea da, horren bidez, umeekin eta nerabeekin kontaktuan dauden instituzio guztiek jolasa sustatzeko. Helburuen artean ere aisialdi taldeak sortzea eta bultzatzea, eskolako patioak asteburuetan irekitzea eta jolas kooperatiboa ikasgeletako giroa hobetzeko erabiltzea aurkituko ditugu.
Profesionalek maila fisikoan, intelektualean, sozialean eta emozionalean jolasak daukan eragin positiboa seinalatu dute, eta bai maila kooperatiboan zein lehiakorrean jolas egitea positiboki baloratu dute, baina modu kooperatiboaren onurak azpimarratu dituzte: “Hainbat ikerketek jolas hauek jarrera antisozialak murrizten dituztela, talde partaidetza handitzen dutela eta autoestimua hobetzen dutela frogatu dute”.