Katapulta Tour Gipuzkoa programak deialdi berria egin du lurraldean 2025ean egingo den musika eta formatu txikiko arte eszenikoetako proiektuei laguntzeko ekimenean parte hartuko duten artistak hautatzeko. Ohikoa denez, musikako eta arte eszenikoetako hamar proiektu hautatuko dira, eta izena emateko epea zabalik dago abenduaren 2ra arte.

Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak sustatzen dute Katapulta Tour Gipuzkoa programa, Buenawista Prolleckziom's elkartearen lankidetzarekin.

Bada, hamargarren aldia beteko du ekimenaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, hautatutako artistei Gipuzkoako hainbat espaziotan lau emanaldi egiteko aukera eskainiko zaie, horietako bat Kutxa Fundazioa Kluba.

Horrekin batera, ordainsari ekonomikoa izango dute emanaldi bakoitzeko, sustapen bideo bat grabatzeko eta entsegu espazio partekatuak doan erabiltzeko aukera ere izango dute, eta prestakuntza programa bat baliatu ahalko dute.

Beste datu batzuk

Bilboko Arriaga antzokiak Europar Batasunaren Europa Sortzailea programak babestutako DoSEL proiektuan parte hartuko du. Egitasmoaren helburu nagusia Europako hizkuntza gutxituetan egindako antzerkigintza sustatzea, itzultzea eta hedatzea da.

Arriaga antzokitik nabarmendu dutenez, euskarazko antzerkigintzarentzat "aukera bikain bat da" 2026ko amaierara arte egingo den DoSEL programan parte hartzea, "Arriaga antzokiak gure hizkuntza nazioartean kokatuko baitu, beste herrialde batzuetan ikusi ahal izango den produkzio propio baten bidez.

Proiektuan parte hartzen duten herrialdeetako bitan antzeztuko da ekoizpena, gutxienez, "eta hori, zalantzarik gabe, erakusleiho bikaina da gure hizkuntzarentzat, baita gure artista eta sortzaileen lana beste herrialde batzuetan ikusteko aukera ere". Datozen asteetan zehaztuko dira Arriaga antzokiak DoSEL proiektuan antzeztuko duen euskarazko produkzioari buruzko xehetasunak, baita emanaldiak eskainiko dituzten herrialdeei buruzkoak ere.

Arriaga antzokiaren ekoizpenen bat Europako beste herrialde batzuetara eramateko aukeraz gain, DoSEL proiektuaren baitan beste hainbat jarduera antolatuko dira, hala nola itzulpen tailerrak, dramaturgia egonaldi artistikoak, mahai-inguruak eta hitzaldiak. Nazioarteko bi erakusketa garrantzitsu ere izango dira, Eslovenian eta Maltan, eta 24 antzerki testu argitaratuko dira, bai jatorrizko hizkuntzetan, bai herrialde parte hartzaileetako beste hizkuntza batzuetara itzulita.