Oreki Fundazioak eta Sabino Arana Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ondasunen eta erakundeen kudeaketa eta gobernantzaren etorkizuneko erronkak aztertzeko jardunaldia antolatu dute azaroaren 13rako, Bilbon, Euskal ondasun eta erakunde komunen kudeaketa: tradizioa eta gaur eguneko erronkak izenburupean.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, mintegia 09:30ean hasiko da, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, eta Mondragon Unibertsitateko irakasle Andoni Eizagirrek koordinatuko du. Parte hartzaileak, aldiz, Roldan Jimeno Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea, Patxi Juaristi eta Jon Barrutia EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak eta Iurretako kofradietako ordezkariak diren Gorka Lazkano (presidentea) eta Markel Onaindia (ikertzailea) izango dira.

Atzoko eta gaurko hainbat esperientziaren berri emango da jardunaldian, gobernantza berritzeko eta etorkizuneko erakundeak kudeatzeko ekarpen erkideak daukan garrantzia erakusteko. Horrela, Roldan Jimenok Pirinioetako kulturari atxikitako erakundeen gobernantza historikoa: izaera itunduaren garrantzia izango du mintzagai.

Patxi Juaristik, aldiz, EHUko kudeaketan izandako esperientziaz hitz egin, eta Politika, boterea eta gobernantza. EHUtik egindako irakurketa liburua aurkeztuko du. Jon Barrutiak 'Erakunde komunen kudeaketa: gaur eguneko eta etorkizuneko erronkak' gaia jorratuko du.

Azkenik, Gorka Lazkanok eta Markel Onaindiak Iurretako kofradien esperientziaren berri emango digute, hots, lurraldea antolatzeko eta gobernatzeko modu berezi baten berri, herri askok aurreko mendeetan erabili zutena eta oraindik ere Iurretan indarrean dagoena.