Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialak, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak, Gasteizko Udalak eta Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak erakundeen arteko akordio bat sinatu dute Gasteizen, arazo soziosanitarioekin lotutako egoerak detektatzeko.

Milagros Lopez de Ocariz Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidenteak, Esther Apraiz Eudeleko presidenteak, Ernesto Sainz Lanchares Arabako Gizarte Ongizateko Foru Erakundeko zuzendari kudeatzaileak eta Lucho Royero Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken zinegotziak sinatu dute hitzarmena.

Akordioaren bidez, farmazia komunitarioen sarearen eta gizarte zerbitzuen arteko koordinazio mekanismoak ezarriko dira, eta esku hartzeko jarraibideak eta irizpideak adostu eta erakundeen arteko lankidetza hobetuko da.

Horrela, hitzarmenak detekta daitezkeen hainbat egoera jasotzen ditu, hala nola bakardadea, autonomia pertsonala galtzea edo mendekotasun arriskua, familia zaintzaileen gainkarga eta uko egitea, indarkeria matxista edo familia barruko indarkeria edota tratu desegokia edo tratu txarra ematea adinekoei eta abarrei. Horientzat guztientzat farmaziak berak eta oinarrizko gizarte zerbitzuek egingo dituzten ekintzak jasotzen ditu akordioak.

Arabako farmazia komunitarioen sarea 116 botikak osatzen dute, eta horietatik 79 Gasteizen daude. Landa eremuan, sareko gainerako 37 farmaziekin batera, beste sei botika kutxek ere ematen diete zerbitzua herritarrei, hainbat herritan.

Era berean, Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialak prestakuntza emango die botiketako farmazialariei, akordioaren berri emateko eta farmaziek, egoera bakoitzaren arabera, gizarte zerbitzuekin harremanetan jartzeko jarraitu beharreko prozedura azaltzeko. Gainera, Gasteizko Udaleko teknikariek akordioa garatzeko baliagarriak diren oinarrizko gizarte zerbitzuen funtzionamendua aurkeztuko dute.