Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) Amerikako Estatu Batuetako (AEB) Ordezkaritzak harrera egingo die 2024ko New Yorkeko maratoian parte hartuko duten korrikalariei eta haien senide eta lagunei, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak jakinartazi duenez.

Topaketa azaroaren 2an izango da, 09:30etan, EAEren AEBetako Ordezkaritzaren egoitzan, New Yorken, eta korrikalariei lasterketaren aurtengo edizioko oroitzapenezko kamiseta banatuko zaie ekitaldian zehar. New Yorkeko maratoiaren 53. edizioa azaroaren 3ean jokatuko da.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzarekin eta Euskadiko Atletismo Federazioarekin elkarlanean antolatutako harrera ekitaldian parte hartu nahi duten korrikalariek mezu elektroniko bat bidali behar dute usa@euskadi.eus helbidera, izena, kamisetaren neurria eta kide kopurua zehaztuz, urriaren 24a baino lehen.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren albisteekin jarraituz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gida farmakoterapeutiko bat argitaratu du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) egoitzetan eta zentro soziosanitarioetan adinekoak artatzen dituzten profesionalentzat. Talde horretan nagusi diren osasun arazoetarako gomendatutako sendagaiak biltzen ditu gidak.

Osasun Sailaren arabera, EAEn 514.000tik gora pertsonek dituzte 65 urte edo gehiago, hau da, biztanleria osoaren %23,5, eta horietatik 20.000 baino gehiago adinekoentzako egoitza eta zentro soziosanitarioetan bizi dira (ia %4).

Pertsona horiek, askotan, gaixotasun kroniko ugari izaten dituzte eta polimedikazioa behar izan ditzakete (bost farmako baino gehiago), eta horrek areagotu egiten du interakzioak eta kontrako erreakzioak izateko arriskua. Hala, gaixotasun kronikoen kudeaketa eraginkorraren parte da adinekoen artean sendagaiak behar bezala erabiltzea eta haiei behar bezala ematea.