Lorea Argarate Zubiak (Bilbo, 1990) jaso du Puntueus Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultateak ematen duten Gladys Sariaren laugarren aldia, EHUren Informatika Fakultatean egin den ekitaldian, Donostian.

Gladys Saria Puntueus Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak antolatzen dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasun Zuzendaritzaren babesarekin eta Danobatgroup industria taldearen, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen eta EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzarekin.

Lehiaketak euskal ingurune digitaleko edozein arlotan lan egiten duten emakume gazte berritzaile eta euskaldunak bilatzen ditu, mundu teknologikoan erreferente berriak sortzeko eta gazteenen artean STEM bokazioak sustatzeko asmoz.

Edizio honetan, baldintza guztiak betetzen zituzten 40 hautagaitza ebaluatu ditu epaimahaiak, inoiz baino gehiago, eta aho batez hartu du Argarate saritzeko erabakia. Bere ibilbideko hainbat alor nabarmendu ditu, batez ere ekintzailetasuna. Telekomunikazio ingeniari ikasketak ditu eta Tazebaez kooperatibako ekintzailea da. Egun, hezkuntza arloko berrikuntza eta digitalizazio prozesuetan dihardu.

Argaratek "ilusioz" jaso du saria, eta emakumeak teknologian egoteko beharra aldarrikatu du: "Ezin dezakegu eduki mundu bat non soluzioetan ez duten parte hartu neskek. Soluzio horiek emakumeen ikuspuntua behar dute. Talde dibertsoek askoz gauza gehiago aurreikusi eta hobeto diseinatzen dute".

Aitortu duenez, "ekintzaile izatea oso neketsua da. Baina, oso emozionantea ere bada. Egunero ikasten dira gauza berriak, egunero ezagutzen da jendea eta jende horrekin sortzea plazerra da".

Epaimahaiak Argarateren komunikazio eta dibulgazio lanak ere nabarmendu ditu: "Zientzia eta teknologiaren inguruko elkarrizketa eta solasaldietan parte hartu du zenbait hedabideetan. Bloke kateak, pentsamendu konputazionala, hezkuntza eta ingurune digitala, eta STEAM eta emakumeen inguruan hitz egin izan du, besteak beste".