Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elias Querejeta Zine Eskolak Kabia ekimena sustatuko dute bigarren urtez. Talentu zinematografiko emergenteari eskainitako jardunaldia da, eta irailaren 23an egingo da.

Zehazkiago, bere sustatzaileek jakinarazi dutenez, Kabia bi jardueratan banatuko da Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian: Kabia Gosaria (10:00etatik 12:00etara) eta Networking Kabia (19:00etatik 23:00etara).

Bi proposamenek mundu osoko zinema eskoletako ikasleen film laburren hautaketa bat biltzen duen Nest saileko filmetako ekipoak elkartuko dituzte Ikusmira Berriak egonaldi eta proiektu programako egoiliarrekin eta Tabakalerako komunitatearekin (Nokan hautatutako errealizadoreak eta Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleak).

Kabiaren helburua programa eta sail horietako komunitateak elkartzea da, ideiak trukatzeko, proiektuak partekatzeko eta industriaren barne askotariko profilak dituztelako hautatutako profesionalekin zuzeneko harremana izateko (ekoizleak, jaialdien eta garapen edo laborategi programen programatzaileak, funts eta diru laguntzak eta abar), beren ibilbide profesionalari eta filmei buruzko 'feedback' baliotsua izan dezaten.

Donostia Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Querejera Zine Eskolak urtean zehar parte hartzen duten beste programa batzuetako talentuak ere hartuko ditu jardunaldiak: La Incubadora, Residència de guions, Zinema Akademiaren egonaldi programa eta Mannheimeko Cutting Edge Talent Camp urteroko topaketa.