Donostia Zinemaldiak lankidetza hitzarmena sinatu du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren Mugi sistemarekin, akreditaziodunen mugikortasuna hobetu eta, horrenbestez, sortzen dituzten karbono emisioak eta aztarna murrizteko.
Zinemaldiko iturriek jakinarazi dutenez, jaialdia 2020an hasi zen ekimen iraunkorrago baterako aldaketa gauzatzen, eta premisa argi batekin egin du aurrera ordutik: murrizketa, birziklapena, berrerabilera eta aldaketak prozesuetan.
Bada, 72. edizioan, Zinemaldiak mugikortasun jasangarrian jarri du arreta, mugikortasuna premia handieneko alderdia izanik halako nazioarteko zinema jaialdietan. Mugikortasuna Zinemaldiaren emisio iturri nagusia da, ostatuaren (%37) eta material erabileraren (%19) aurretik.
Hiru motako mugikortasunak daude Zinemaldian: mugikortasun erakarria, hots, beste hiri batzuetatik datozen pertsonen joan-etorriak berariaz Zinemaldira etortzeko; barne mugikortasuna, hau da, Donostian bizi diren eta Zinemaldiko jardueretara etortzen direnen jaon-etorriak; hiri mugikortasuna, hots, Zinemaldiko jardueretara etortzen direnek, alde batera utzita bertakoak ala kanpokoak ote diren, Zinemaldiaren egunetan hiri barnean egiten dituzten joan-etorriak.
Horrela, azken hori eraginkorragoa izan dadin, Zinemaldiak indarrak batu ditu Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin, Zinemaldira joandako pertsona guztiei Mugi sistema ezagutarazteko eta hartarako sarbidea errazteko, hala akreditaziodun gisa nola bisitari legez.
GUNEA
Mugik gune bat izango du Kursaalen (erabilera anitzeko hallean, beheko solairuan), eta bertan, akreditaziodunek hiriko eta lurraldeko garraio publikoaren sistemari buruzko informazioa eskuratu ahalko dute, baita txartela erosi eta kargatu ere, hilaren 19tik 23ra, 09:30etik 17:30era, eta 24an eta 25ean 09:30etik 13:30era.
Komunikazioa indartzeko bi ekintza ere antolatuko dira: alde batetik, 'photocall' bat, #MugiZinemaldian etiketarekin sare sozialetara argazkiak igo eta @mugitxartela aipatzen dutenek Mugiko bonuen zozketa batean parte har dezaten, eta, bestetik, bizikletazko kanpaina bat (lau bizikletak hiriaren erdigunea zeharkatu eta Mugiko' merchandising' banatuko dute).