Mintzola deialdiak Oihana Lujanbio Begiristainen Goizuetan noka berreskuratzen hasteko ikerketa-proiektua lanari eman dio ikerketa lan monografikoen saria. Euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko ikerketa lan monografikoak sustatzeko helburua du deialdiak, eta ikertzaile goizuetarrak 3.000 euroko saria eskuratu du. Orain 2025ko otsailaren 28ra bitarteko epea izango du proiektua ondu eta aurkezteko, Euskaltzaindiko iturriek jakinarazi dutenez.
Euskaltzaindiak, Mintzola proiektuaren bidez, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko bi ikerketa lan monografiko saritzeko deialdia argitaratu zuen martxoan. Ikertzaile gaztea edo hasiberria doktorego tesiraino eramango duen ibilbidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira, eta, hain zuzen, bide horretan laguntzea eta euskaraz egiten den ahozko jarduna ikergai gisa sustatzea da deialdi honen helburua.
Bada, datozen hilabeteetan, Lujanbio Begiristainek ikergai izango ditu Goizuetako (Nafarroa) noka formak zabaltzeko bideak, praktikak sustatuko ditu, eta aztertuko du horiek eraginik baduten erabileran. Helburu izango ditu nokaren galeraren arrazoiak ezagutzea eta herritarren hausnarketa eragitea, eta, azkenik, Goizuetan noka mantendu duten hiztun taldeen praktika onak ere bilduko ditu.
Hau ez da Oihana Lujanbiok Goizuetako euskarari buruz egin duen lehen lana, besteak beste, bakarka edo lankidetzan burutu baititu Hizkuntza-aldakortasuna Goizuetako euskaran: emaitza gehiago. Euskal hizkuntzalaritzaren egungo zenbait ikerlerro (Udako Euskal Unibertsitatea, 2014), 'Hizkuntza-aldakortasuna Goizuetako euskaran' (Uztaro / Udako Euskal Unibertsitatea, 2012), 'Goizuetako azentuaz zerbait gehiago: oharmena' (ASJU / UPV/EHU, 2009) eta Goizuetako azentuera. Gramatika jaietan (UPV/EHU, 2008). Azken biak Jose Ignacio Hualderekin batera egin zituen.