Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) bere hurrengo emanaldiak prestatzeko udako topaketa hasiko du ostiralean, uztailaren 12an. Topaketak 100 pertsona baino gehiago elkartuko ditu hamar egunez, orkestrako musikari gazteen eta irakasleen artean.
Horrela, orkestrako arduradunek jakinarazi dutenez, udako bira osatuko duten bost kontzertuetarako entseguak ostiralean bertan hasiko dira. Ruben Gimeno zuzendari artistikoaren gidaritzapean, Hondarribian (uztailak 18), Azkoitian (uztailak 19), Donostian (uztailak 20), Bilbon (uztailak 21) eta Gasteizen (uztailak 22) ariko da EGO.
Seohyun Kim korear biolinista gaztearen parte hartzea izango da kontzertuen berezitasun erakargarrienetakoa. Musikari gazteak Tibor Varga Nazioarteko Biolin Lehiaketaren azken edizioa irabazi du, eta Gilbert Vargak (Tibor Vargaren semea eta hamar urtez Euskadiko Orkestraren zuzendari izandakoa) utzitako instrumentua darabil.
15 urterekin, Seohyun Kimek Txaikovskiren Biolinerako kontzertua lan exijenteari egingo dio aurre. Bere generoko kontzertu txalotuenetako bat da eta, EGOren iritziz, instrumentu horretarako historian idatzi den onenetako bat ere. Obra lehen aldiz interpretatuko du orkestra gazteak.
Seohyunen hitzetan, "pieza hau benetan berezia da niretzat, duen sakontasun emozional eta teknika bikainagatik. Gogo handia dut euskal entzuleekin partekatzeko. Esperientzia ahaztezina izango delakoan nago".
Gainera, musikari korear gazteak nabarmendu du EGOk lagunduta jotzea "ohore handia" izango dela: "Lehen aldia izango dut Euskal Herrian, eta ohore handia da Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin jotzeko aukera izatea. Asko emozionatzen eta pozten nau euskal publikoa orkestrako kideekin batera ezagutzeak. Une bereziki zoriontsua izango delakoan nago".
'Erakusketa bateko koadroak' obrak osatuko du egitaraua. Orkestrazio bikainarekin, M. Mussorgky konpositoreak pianorako konposatu zuen hasieran, bere lagun mina zen margolari baten erakusketa bateko pinturei omenaldia egiteko. Hainbat urte geroago, Maurice Ravel konpositoreak orkestrazio distiratsua erantsi zion eta gaur egun ezagutzen dugun musikalitatez jantzi zuen obra.
Ruben Gimenoren arabera, obra "pianorako idatzita dauden musika piezetatik orkestrazio eta moldaketa gehien inspiratu dituenetako bat da". "Ravelen bikaintasun eta sofistikazioak entzuleen eta interpreteen obra kutunen artean kokatu du", gaineratu du.
Euskal orkestra gazteak bertsio berritzaile bat eskainiko du, Iban Garateren narrazioaz lagunduta. Bere ahotsak publikoa gidatuko du paseo musikal honetan, obra osatzen duten margolanek pizten dituzten sentsazioak hitzetara ekartzeko.