Datorren ikasturtean hizkuntza normalizaziorako Ulibarri programarako diru laguntzak zehazten dituen agindua onetsi du astearte honetan Eusko Jaurlaritzako gobernu bilerak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren proposamenez. Deialdiak 1.225.000 euroko diru kopurua du, eta dagoeneko programan parte hartzen ari diren edo parte hartu nahi duten itunpeko ikastetxeei zuzenduta dago.
Jaurlaritzaren arabera, deialdiaren xede nagusia da euskararen erabilera normalizatzeko proiektuak sustatzen dituzten itunpeko ikastetxeei laguntzea. Ulibarri programaren baitan ikastetxeetan sortutako hizkuntza normalkuntzarako proiektuek eskoletako egunerokoan euskararen erabilera sustatzea dute helburu nagusi.
Ikastetxeek eragile guztien artean euskararen erabilera sustatzeko proiektu bat adosten dute: Ikastetxeko Normalkuntza Proiektua. Hori egiteko, lehenbizi egoera aztertu eta diagnosia egiten dute; ondoren, lau urterako proiektua zehazten dute, eremuz eremu definituz helburuak, jarduera motak, arduradunak, ebaluaziorako adierazleak eta denbora tarteak. Zeregin honetan, Berritzegune Nagusiko aholkularien laguntza jasotzen dute.
Ulibarri programaren baitan garatzen diren hizkuntza normalizazioko proiektuak Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuarekin lotuta diseinatuko dira, "pentsaezina" litzatekeelako euskararen erabilerarako normalizazio proiektu baten garapenak harremanik ez izatea goragoko maila batean dagoen hizkuntza proiektuan jasotzen diren erabakiekin.
Era horretan, orain arte eskola orduetatik kanpo eragiten zuen normalizazio proiektuak eskola orduetan ere eragin behar du, euskararen didaktikarekin eta erabilitako metodologiarekin erlazionatuta dauden eremuak indartuz.
Hezkuntza Sailak 1996-1997 ikasturtean jarri zuen martxan hizkuntza normalkuntzarako Ulibarri programan ikastetxe publikoek eta itunpekoek har dezakete parte. Ikasturte honetan 410 ikastetxe ari dira parte hartze, 231 publiko eta 179 itunpeko, hain zuzen.