Haurreskolak Partzuergoak 2024-2025 ikasturtean bere haur eskoletako batean hasi nahi duten umeen izen-ematea eta plaza eskaera egiteko epea ireki du astelehen honetan, apirilaren 22an. 2023. eta 2024. urteetan jaiotako haurtxoen guraso edo legezko tutoreek maiatzaren 10era arte egin ahal izango dute eskaera, aurrez aurre partzuergoko eskoletan edo sarean www.haurreskolak.eus atariaren bidez.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik jakinarazi dutenez, eskaera bakoitzeko bost haur eskola ere hauta daitezke, lehentasun hurrenkeran jasoak. Izapidea aurrez aurre egiten bada, eskaera haur eskola batean bakarrik aurkeztu beharko da, lehen postuan aukeratu den horretan, hain zuzen.
Ikasturte honetan bezala, hurrengoan ere doakoa izango da Haurreskolak partzuergoak eskaintzen duen zerbitzua. Plaza eskatzeko interesa duten familiek, honako egutegi hau izan beharko dute kontuan: astelehen honetatik maiatzaren 10era, eskaerak aurkeztea, aurrez aurre edo sarean; ekainaren 10ean, behin-behineko zerrendak argitaratzea; ekainaren 10etik 14ra, erreklamazio eta zuzenketa epea; uztailaren 1a, behin betiko zerrendak argitaratzea; irailaren 5a, umeak haur eskolara hasteko eguna. Umeek 16 aste beteta izan beharko dituzte haur eskolan hastean eta, hasi berritan, hamar eskola eguneko egokitzapen aldia bete beharko dute.
Maiatzaren 7tik 15era bitartean jaio diren umeentzat, eskaerak maiatzaren 24ra arte eman ahal izango da izena
Maiatzaren 7tik 15era bitartean jaio diren umeentzat, eskaerak maiatzaren 24ra arte eman ahal izango da izena. Udaberrian (apiril-maiatzetan) irekitzen den epe nagusiaz gain, Haurreskolak partzuergoak ikasturtean zehar ere zabaltzen ditu epeak, irailetik apirilera bitartean, hil bakoitzeko 1etik 10era bitarte, hurrengo hileko lehen egunean hasi nahi duten haurrentzat.
Gasteizen dauden haur eskolen kasuan (udal haur eskolek eta partzuergokoek osatutako sarea du hiriak), izen-ematea herritarren arretarako udal bulegoetan egingo da (gizarte etxeetan), eta sarean egin nahi izanez gero, Gasteizko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, leihatila bakar gisa.
Haurreskolak Partzuergoak 238 eskolako sarea du gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 180 udalerritan zabalduta. Orotara, 8.754 plaza eskaintzen dituzte haur eskola horiek guztiek, 0-2 urteko etaparako. Datorren ikasturtean Loiun haur eskola berria irekitzea aurreikusi da.