Donostia Zinemaldiaren 13. Koprodukzio Foroak Europako eta Latinoamerikako ikus-entzunezko proiektuak aurkezteko deialdia egin du eta lanak ekainaren 17ra arte aurkez daitezke. Proiektuek gutxienez 60 minutuko iraupena izan behar dute, eta gutxienez finantzaketaren %20 ziurtatu. Europako proiektuek Latinoamerikarekin lotura zuzena izan behar dute.
Zinemaldiko iturriek jakinarazi dutenez, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa irailaren 23tik 25era arte egingo da, eta hautatutako proiektuak aurrez grabatutako 'pitching' baten bidez eta bileren bidez aurkeztuko dira filma ekoizten eta zuzentzen dutenen eta bazkide izan daitezkeenen artean.
Foroa bat dator Europako (WIP Europa) eta Latinoamerikako (WIP Latam) ekoizpenei zuzendutako Donostia Zinemaldiaren 'work in progress' ekimenekin, eta zinema industriako profesionalen arteko harremanak eta akordioak sustatzeko topagunea da.
Hautatutako proiektuek hiru sari irabazteko aukera izango dute: Proiektu Onenaren Saria, DALE! Saria (Europa-Latinoamerika Garapena) eta ArteKino International Prize Saria. Gainera, baldintzak betetzen dituzten gainerako proiektuek Canneseko Marche du Film ataleko Producers Network sarearen hurrengo edizioan parte hartu ahal izango dute.
Donostia Zinemaldiak 20 proiektu aukeratuko ditu gehienez, Agustina Chiarino ekoizlearen eta Esperanza Luffiego eta Javier Martin Donostia Zinemaldiko Hautespen batzordeko kide diren programatzaileen txostenetan oinarrituta.
2012an sortu zenetik, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroak 191 proiektu hautatu ditu, eta horietatik 98 osatu eta zinema aretoetan estreinatu dira, baita nazioarteko zinema jaialdietan ere, besteak beste, Cannes, Berlin, Venezia, Sundance, Locarno eta Donostian.