Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak onartu du gizarte bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edo normalizatzeko lanean diharduten pertsona fisikoek edo juridiko pribatuek 2024an burutuko dituzten egitasmoei zuzenduriko diru laguntzen deialdia. Orotara, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 1.704.000 euro bideratuko ditu 'Euskalgintza' deitzen den deialdira, Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.
650.000 euro izango dira eremu ez-formaletan euskararen erabilera sustatzeko diru laguntzetara
Alde batetik, 650.000 euro izango dira eremu ez-formaletan euskararen erabilera sustatzeko diru laguntzetara, eta 125.000 euro euskaldunen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko asmoz, gizarte aktibazioaren bidez hizkuntza ohiturak aldatu eta hiztunak aktibatzera bideratutako programa, ekintza eta jarduerei laguntzera.
Hirugarrenik, 50.000 euro banatuko dira euskaraz ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko helburua duten jarduerei eta egitasmoei laguntzeko, eta 754.000 euro ingurune digitalean euskararen presentzia sustatzera.
Gainera, 35.000 euro izango dira euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoei zuzendutako diru laguntzetan, 40.000 euro euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiei laguntzeko, eta, azkenik, 50.000 euro euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoei bideratutako laguntzetan.
Interesa dutenek hilabeteko epea izango dute proiektuak eta eskaerak aurkezteko deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta biharamunetik hasita. 2023ko deialdian, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak laguntzak banatu zituen gizarte bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edo normalizatzeko 188 proiekturen artean.