Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak hornidura kateari buruzko Demand Driven Week izeneko lau eguneko egitaraua antolatu du datorren asteko asteartetik ostiralera, apirilaren 16tik 19ra, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta campusean, nagusiki operazio zuzendaritzako profesionalei zuzenduta, hau da, enpresa txiki eta ertainetako zuzendariei nahiz gerentziaz, erosketez, logistikaz eta materialez arduratzen diren profesionalei, besteak beste.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, mintegiak, lantegi praktikoak eta 'Demand Driven Adaptative Enterprise' delako metodologia arrakastaz ezarri duen enpresa baterako bisita izango dira. Horietan, beren enpresentzako aukerak identifikatu ahal izango dituzte profesionalek, eta kudeaketa zein baliabideak optimizatuko dituzten metodologien ezarpenari buruz gogoeta egin. Sistema berritzaileak erabiliz, enpresak testuinguru konplexu eta aldakorretara egokitzeko aukera izango da.
Jardunaldi profesionalak
Jardunaldi profesionalak apirilaren 16an hasiko dira, Banaketaren kudeaketa: DDBRIX distribution izeneko lantegi praktikoarekin. Hornikuntza eta banaketa katearen kudeaketaz arduratzen diren zuzendariei, logistika zuzendariei, biltegiko eta logistika zentroetako arduradunei eta erosketa zuzendariei zuzenduta egongo da.
Hornikuntza eta banaketa katearen kudeaketaz arduratzen diren zuzendariei, logistika zuzendariei, biltegiko eta logistika zentroetako arduradunei eta erosketa zuzendariei zuzenduta egongo da.
'Demand Driven' metodologiak beren lanean eragiten dituen aldaketak ezagutuko dituzte parte hartzaileek, eta ikasiko dute banaketa sare bat nola kudeatu murrizketak dituztenean, hau da, ekoizpen ahalmen mugatua, guztiz kargaturiko kamioiak, entrega epe irregularrak eta abar. Lantegia b2wise-ko Laurent Vigouroux-ek emango du.
Bigarren saioa zuzendariei eta operazio arduradunei zuzenduta egongo da, apirilaren 17an, besteak beste, industria edo plangintza zuzendariei, eta 09:00etatik 14:00etara izango da. Hasteko, Mondragon Unibertsitateko Aitor Lizarraldek agertoki berriari eta 'Demand Driven Adaptive Enterprise (DDAE)' delakoaren bost urratsei buruz mintzatuko da. Ondoren, Ainhize Antuñano Goizper Group-eko ingeniariak etengabe hobetzeko prozesuan konpainiak izan duen ibilbideari buruz hitz egingo du, hainbat adierazleren bidez.