Behobia-Donostia lasterketaren 2024. urteko edizioan izena emateko epea asteazkenean irekiko da, apirilaren 3an, eta berritasun nagusia da parte hartzaile kopurua 3.000 lagunetan gutxitu eta 27.000ra mugatuko dela, tren zerbitzuren murrizketagatik. Beste aldaketa esanguratsu bat da ibilbidea pixka bat aldatuko dela Irungo Bentetako lan batzuk direla eta.
Fortuna Kirol Elkartetik jakinarazi dutenez, tren bidezko garraioak "funtsezko zeregina" du lasterketaren antolakuntzan, parte hartzaileen %50ak trena erabiltzen baitu irteera joateko Euskotrenen eta Renferen bidez. Zerbitzua antolakuntzatik eskatutako errefortzuekin ematen da, eta gaur egun ia ez dago modurik zerbitzua handitzeko.
Aurten, Donostiatik Irunera egiten ari diren abiadura handiko trenaren Loiola eta Kaputxinos tuneletako lanek nabarmen murriztuko duten Renferen zerbitzua, eta horrek zuzenean eragingo dio lasterketari, egoerak ez duelako bermatzen azken urteetako parte hartzaile kopuruekin garraio eroso eta segurua izatea.
Hori dela eta, 2024ko Behobia-Donostia 27.000 parte hartzailera mugatzea erabaki da. Kopurua behin betikoa da, lasterketaren aurre planifikazioak ez baitu ahalbidetzen kopuru handitzeak urtean zehar.
Egoera horrekin lotuta, lasterketaren hasiera 15 minututan aurreratuko da tren zerbitzua handitu ahal izateko, eta horrela, 09:15ean abiatuko dira gurpildun aulki eta handbike-ko parte hartzaileak, 09:20an patinatzaileak eta 09:40an lehen korrikalariak.
Bestalde, eta abiadura handiko trenaren lanen ondorioz, Irungo Bentetako Elizatxo hiribidean ohiko ibilbidean dagoen zubia eraitsi da eta lasterketa Letxunborro hiribidetik 220 metro inguru desbideratuko da.
2014an ibilbide aldaketa egin zenetik, lasterketak 20 kilometro zehatz izan ditu, eta orain, beraz, 20 kilometro eta 220 metro izango ditu. Desbideraketa gutxienez bi urtez egin beharko da, etorkizunean zubia berriz eraikitzea aurreikusi baita, oinezkoentzat bakarrik, eta espero da lasterketa berriz bertatik pasa ahal izatea.