Síguenos en redes sociales:

Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldien bigarren topaketa izango da asteazkenean Barakaldon

Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldien bigarren topaketa izango da asteazkenean Barakaldon

Barakaldoko, Portugaleteko eta Santurtziko zortzi ikastetxetako 381 ikaslek parte hartuko dute Barakaldoko (Bizkai) Clara Campoamor zentro zibikoan egingo diren Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldien laugarren edizioan. Egitasmoa Azkue Fundazioak antolatu du, Eusko Jaurlaritzaren eta Portugaleteko Udalaren laguntzarekin, eta, joan den asteko lehen hitzorduaren ondoren, bigarren topaketa asteazkenean izango da, martxoaren 20an.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sei tailer praktiko, bi hitzaldi interaktibo, 'Egunean Behin' jokoaren zuzeneko partida bat eta Memeka lehiaketaren aurkezpena izango dira Xare Jardunaldian, bai eta La Basuren zuzeneko emanaldia ere.

Hiru gune izango dira: 'Ikas' aretoa, 'Era' aretoa eta 'Jolas' aretoa, eta, 09:00etatik 13:45era bitarte, hiru taldetan banaturik eta beste horrenbeste txandatan, ikasleek egitarau osoaz gozatzeko aukera izango dute.

Horrela, egitarauari dagokionez, 09:00etan ongietorria egingo diete gazteei auditoriumean. Ondoren, 'Ikas' aretoan, gazteek sei lantegi praktikotan trebatzeko aukera izango dute, eta 'Era' aretoan, aldiz, bi hitzaldi labur eta dinamikotan parte hartuko dute.

'Jolas' aretoa da aurten berritasun nagusia, jardunaldiaren laugarren edizioak euskararen eta IKTen inguruko esperientzia ludikoa indartu nahi baitu. Horretarako, besteak beste, 'Egunean Behin' jokoaren zuzeneko partida batean lehiatzea proposatuko zaie gazteei.

Azkenik, Azkue Fundazioak eta Iametza enpresak Memeka gazteei zuzendutako euskarazko meme lehiaketa berria ere jarriko dute martxan asteazkenean, eta Ainhoa Etxebarria aurkezleak gidatuko duen ekitaldi batean aurkeztuko dute.