Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) 1.284 milioi euro bildu zituen 2022an ingurumen arloko zergen bidez, aurreko urtean baino 78 milioi gutxiago (-%5,7). Zenbateko hori urteko Barne Produktu Gordinaren (BPG) %1,5 izan zen, Eustat euskal estatistika erakundeak landutako Ingurumen Zergen Kontuaren arabera.
Gainera, 2022ko ingurumen zergak EAEko zerga guztien %6,7 izan ziren, 2021ean baino %1,0 puntu gutxiago. Ingurumen zergak, ingurumenaren arloko irizpidearen arabera, hiru kategoriatan sailkatzen dira: energiaren gaineko zergak, garraioaren gaineko zergak eta kutsaduraren eta baliabideen gaineko zergak.
Energiaren gaineko zergak nabarmendu ziren, zenbateko handiena erregistratu baitzuten, 1.105 milioi eurora iritsita 2022an, hau da, ingurumen zerga guztien %86,0. Jaitsiera handiena izan zutenak ere izan ziren, 2021ean baino %7,4 gutxiago bildu baitzuten. Jaitsiera hidrokarburoen gaineko zerga bereziaren bilakaeraren ondorio zuzena izan zen: 925 milioi euro bildu ziren, energiaren gaineko zergen %83,8, eta 2021ean baino 77 milioi gutxiago (-%7,7).
Halaber, garraioaren gaineko zergek 164 milioi euroko ekarpena egin zuten 2022an, hau da, ingurumen izaerako zerga guztien %12,8, eta aurreko urtean baino %4,1 gehiago. Kategoria horretan trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga nabarmendu zen, 2022an 138 milioi euro bilduta, zerga multzo horretako %84,5.
Kutsaduren gaineko zergak
Gainera, kutsaduraren eta baliabideen gaineko zergek ingurumen izaerako zerga guztien %1,2ko ekarpena egin zuten: 16 milioi euro, 2022an baino 4 milioi gehiago, hau da, %39,5 igo ziren aurreko urtearekin alderatuta. Zerga multzo honetako igoera, batez ere, negutegi efektudun gas fluoratuen gaineko zergaren ondorio izan zen, %81,0 igo baitziren, aurreko urtean baino 3 milioi gehiago.
Bestalde, 2022ko ingurumen zergen lurraldeen araberako banaketan ikusten da Bizkaiak guztizkoaren %56,1 metatu zuela, Gipuzkoak %29,8 eta Arabak gainerako %14,1. Gainera, 2022an aurreko urtearen aldean EAEn ingurumen zergen jaitsiera %5,7koa izan bazen ere, Gipuzkoan jaitsiera %12,3koa izan zen, Araban %10,6koa eta Bizkaian %0,3koa. Lurralde bakoitzaren BPGari dagokionez, Bizkaian ingurumen zergak %1,6 izan ziren 2022an, eta %1,4na Araban eta Gipuzkoan.