Síguenos en redes sociales:

Zinemaldiko artxibo historikoa ikertzeko Jose Angel Herrero-Velarde beketara lanak aurkezteko epea ostiralean hasiko da

Zinemaldiko artxibo historikoa ikertzeko Jose Angel Herrero-Velarde beketara lanak aurkezteko epea ostiralean hasiko daUtzitakoa

Jose Angel Herrero-Velarde beken bigarren ediziorako deialdia egin dute Gipuzkoako Aldundiak, Donostia Zinemaldiko artxibo historikoa ikertzeko. Hiru ikertzaileri 3.500 euroko diru laguntza bana eta bi astez Euskadiko Filmategian lan egiteko espazioa emango zaizkie. Proiektuak aurkezteko epea ostiralean hasiko da, martxoaren 15ean, eta apirilaren 26ra arte egongo da zabalik.

"Beka hauek aukera paregabea dira Donostia Zinemaldiaren historia aberatsean sakontzeko. Atsegin handiz babesten ditugu Zinemaldiaren iraganari eta horrek zinemagintzan duen eraginari buruzko testu akademikoen ikerketa eta sorkuntza. Ekimen honek Gipuzkoako kultura ondarearen ikerketa eta hedapena sustatzeko dugun konpromisoa islatzen du", nabarmendu du Goizane Alvarez Gipuzkoako Aldundiako Kultura diputatuak.

Donostia Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak elkarlanean antolatutako beka programaren helburua da Zinemaldiaren artxibo historikoaren ikerketa bultzatzea. Horretarako, artxibo historikoa iturri nagusitzat hartuko duten testu akademiko argitaragabeak sortu beharko dituzte hautagaiek, zinema jaialdiaren iragana berrikusi eta haren orainaren eta etorkizunaren arteko etengabeko elkarrizketari bide emateko.

Programaren azken xedea da hiru artikulu akademiko argitaragabe sortzea. Parte hartzen duten erakundeek osatuko duten batzorde batek gainbegiratuko ditu lanak. Zinemaldiak artikuluak argitaratzeko laguntza emango du, eta ikertzaileen eta proiektuak editatzeko eta argitaratzeko interesa izan dezaketen argitaletxe edo aldizkari prestigiotsuen arteko bitartekari gisa jardun.

Donostia Zinemaldiak, Elias Querejeta Zine Eskolak eta Euskadiko Filmategiak batera argitaratzen duten 'Zine: ikerketa zinematografikorako koadernoak' aldizkari akademikoaren argitalpen batzordeak ere kontuan hartu ahal izango ditu ikerketak.

Beka eskatu dezakete Gipuzkoan eta Espainiako Estatuan jaio edota bizi diren pertsonek -gutxienez, bi urtez-. Gaia, metodologia eta ikerketa iturriak adierazi beharko dira proiektuan, eta asmo gutun bat eta curriculum vitaea atxiki. Zinemaldiaren artxiboaren webguneko plataforman aurkeztu behar dira eskaerak. Han daude deialdiaren oinarriak eta xehetasun guztiak ere.

Ikerketa proiektuak aurkezteko epea martxoaren 15etik apirilaren 26ra artekoa izango da.

Hautagaiak ebaluatzeko eta hautatzeko ardura duen batzordea Donostia Zinemaldiko eta Elias Querejeta Zine Eskolako profesionalek osatuko dute. Hautatutako hiru proiektuak maiatzean jakinaraziko dira eta egonaldia uztailaren 8tik 19ra egingo da, Tabakaleran.

Hautatutako ikertzaileek 3.500 euroko dirulaguntza bana jasoko dute (ikertzaileetako bat, gutxienez, Gipuzkoako lurralde historikoan jaiotakoa edo bertan bizi dena izango da). Halaber, artxibora sartzeko edukiko dituzten bi asteetan, kontsulta-egunei dagozkien dietak eskainiko zaizkie. Horrez gain, programak Gipuzkoan bizi ez diren onuradunen bidaia eta ostatua ordainduko ditu.

EGONALDIA

Tabakalerako egonaldi fasean -bertan daude Zinemaldiaren artxiboa osatzen duten material guztiak-, Euskadiko Filmategian Interneteko konexioa duen lanerako eta kontsultarako gune bat eskainiko da. Eraikinean eta aldamenekoetan dauden funts eta artxibo zinematografikoetarako sarbidea bermatuko da, eta eraikineko baliabide eta jardueretarako sarbidea emango da, hala nola zinema saioetarako, tailerretarako eta eskola magistraletarako.

Lanak zazpi hilabeteko epean amaitu beharko dira (6.000 eta 10.000 hitz artean izan beharko dituzte), hautaketa egunetik kontatzen hasita, eta, gehienez, bi hilabeteko luzapena eskatzeko aukera izango da.

Hala, Donostia Zinemaldiko artxibo historikoko 4.000 dokumentu inguru sarean kontsultatzeko eskuragarri daude Artxiboa atarian. Horrez gain, web atari berak materialen 34.000 deskripzio fitxa baino gehiagoko katalogoa eskaintzen du, irakasle eta ikertzaile profesional eta espezialistek eskatuta azter daitezkeenak.

Artxiboa atarian eskuragarri daude Zinemaldiaren eta Kutxatekaren funtsetako 3.000 argazki baino gehiagoren digitalizazioak, Zinemaldiko egunkarien 724 ale -1953tik gaur egunera artekoak (egungo Zinemaldia aldizkaria-, Zinemaldiko ia edizio guztietako 350 kartel inguru, eta Artxibo Orokorreko eta Prentsako hautatutako materialak.

Jose Angel Herrero-Velarde 'Notario' zuzendaritza eta hautaketa batzordeko kidearen omenezkoa da beken izena. Zinemaldiko funtsezko figura izan zen azken lau hamarkadetan eta 2022an zendu zen.