Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bizi den edonork bere errezeta elektronikoa erabil dezakete jada Letonian -edo alderantziz-, bere historia klinikoan sartzeko edo sendagaiak farmazietan hartzeko.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik jakinarazi dutenez, Europako Batzordeak baimena eman ondoren, Letonia batu zaie lehendik EAEko errezeta elektronikoa erabilgarri duten herrialdeei, hau da, Portugal, Kroazia, Polonia, Finlandia, Estonia eta Txekiar Errepublikari.
Hala, EAEk "erreferente izaten jarraitzen du" errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasunak Europar Batasunean duen hedapenean; izatez, 2025ean Europar Batasuneko 25 herrialdeetara hedatzea aurreikusi da.
Osasun Sailaren arabera, urrats berria Europako erakundeek eta EAEk programa horretan elkarlanean egindako lanaren "beste erakusgarri bat" da. Berrikuntza teknologikoaz gain, programak balio du Europar Batasun osoan farmazia prestazioa eta herritarrentzako osasun asistentzia hobetzeko eta "behar-beharrezkoa" da.
"Izatez, besteak beste, programa horrek sendagaiak modu egokian eta zentzuz erabiltzen laguntzen du, sendagaiak erraz eskuratzeko aukera ematen du, tratamenduak agindu ondoren osasun zentroetara bisitak egitea saihesten du, paperean ematen ziren errezetak ez dakar eta erabiltzailearen segurtasuna eta erosotasuna areagotzen du", azaldu dute.
Bestalde, EAEn 2018ko urtarrilean ezarritako errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasunari esker, Espainiako Estatuko edozein farmaziatan eskura daitezke sendagaiak Osasun Txartel Indibiduala aurkeztuz. Abian jarri zenetik, 515.246 euskal herritarrek beste autonomia erkidego batzuetako farmazietan hartu dituzte beren sendagaiak. Guztira, 8.727.188 sendagai- mate izan dira.
Gaztela eta Leonen erabili da gehien (2.668.262), eta ondoren Kantabrian (1.544.042), Valentziako Erkidegoan (742.146), Errioxan (640.737) eta Galizian (637.606).