Ikastolen Elkarteak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Fakultateak eta Euskaltzaindiak elkarlanean lantzen duten 'Arikala' ekimenean parte hartzen ari diren Euskal Herriko hamar ikastoletako 230 ikasleak elkartuko dira datozen astelehenean eta asteartean, martxoaren 4an eta 5ean, Altsasun. Ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko ikerketa ekintza berritzailea da 'Arikala'.
Bere sustatzaileek jakinarazi dutenez, 'Arikala' egitasmoaren bidez, Euskal Herri osoko hamar ikastolatako ikasleei hizkera informalak euskaraz garatzeko tresnak eta estrategiak ematen zaizkie, eta ondoren, esku hartze horiek duten eragina neurtzen da.
Bada, datorren asteko topaketan, elkarrekin lagunarteko hizkerari lotutako dinamiketan arituko dira hainbat ingurumari soziolinguistikoetatik heldutako ikasleak. Topaketaren helburua bikoitza da: batetik, arikalatarren komunitatea sendotu nahi da, eta, bestetik, gazte horiek euskararekin duten atxikimendua indartu nahi da.
Ikasleei 10:15ean egingo zaie ongietorria Altsasuko Burunda frontoioan. Guztiek elkarrekin hainbat jolas dinamika egingo dituzte goiz osoan, lagunarteko hizkeraren hainbat ezaugarri lantzeko. Bukatzeko, talde argazkia aterako dute 15:00ak aurretik.
2022ko urtarrilean 'Mintzola' egitasmoaren ardura hartu zuenetik, Euskaltzaindiak euskarazko ahozko jardunaren ikerketan, zabalkundean eta sustapenean dihardu. "Eguneroko hizkera" deritzon elkarrizketa multzo eta jardunak, eremu ez-formalekoak gehienak, gure ahozko jardunaren zatirik handiena hartzen du, eta 'Mintzola' egitasmoaren helburu nagusia hizkera hori aztertzea da, bai eta adierazkortasuna lantzeko tresnak garatzea ere.