Getxoko (Bizkai) Nazioarteko 47. Jazzaldiko talde lehiaketaren epaimahaiak aurtengo edizioan arituko diren finalistak aukeratu ditu jada. Europako hamar herrialdetako 49 talde aurkeztu dira lehiaketaren aurreko fasera, eta azkenean Suediako, Herbehereetako eta Espainiako lau banda arituko dira uztailaren 3tik 6ra Muxikebarri zentroan, kontzertu nagusien aurretik, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Horrela, Lois Rivera Quartet taldeak irekiko du lehiaketa, uztailaren 3an. Banda 2017an sortu zen eta bere ibilbidean zehar Galiziako jazz eszenako hainbat musikari bildu ditu. Lois Rivera saxofoi jotzailearen gidaritzapean, Martin Otero (pianoa), Miguel Piñeiro (kontrabaxua) eta Esteban Lavigne (bateria) musikariek osatzen dute taldea gaur egun, guztiak A Coruñako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan heziak. Soinu modernoa garatzen dute, instrumentista bakoitzaren ekarpenei esker musika espektro zabal baten laginak islatuz.

Hurrengo egunean, uztailaren 4an, FLEN talde esperimentala arituko da. Suediako eta Danimarkako musikari gazteek sortua, 'Välkommen till' lehen diskoan hari instrumenturik gabeko jazzaren bide ugarietan sakontzen du bandak. Bere musikaren ezaugarria da taldearen indarguneak eta aukerak aztertzea, free jazz estiloan menturatzeko beldurrik gabe, eta soinu adierazpen eta testuren artean nabigatzea. Andreas Lundblom (tronpeta), Marius Zeeberg (saxo tenorra), Olle Lanner Risenfors (kontrabaxua) eta Kristian Remnelius (bateria) dira laukoteko kideak.

Uztailaren 5ean Gerard Chumilla Quintet taldearen txanda izango da. Espainia, Frantzia eta Belgikako talentu gazteek osatutako boskotea da. Jazz estandarrak zein musika originala interpretatzen ditu, Gerard Chumilla saxofoi jotzaileak konposatua, betiere bere sustraiak gogoratzeko asmoz, eta duela gutxi argitaratu du lehen lana. Noe Secula (pianoa), Eliott Knuets (gitarra), Joan Codina (kontrabaxua) eta Lluis Perez-Villegas (bateria) musikariek osatzen dute boskotea.

Azkenik, uztailaren 6an Nita azken finalista jardungo da talde lehiaketan, Anja Gottberg konpositore eta kontrabaxu jotzaile suediarra buru duen nazioarteko taldea. Antonio Moreno (tronpeta), Micheal Murray (saxo altua), Siebren Smink (gitarra) eta Magnus Austad (bateria) dira beste kideak. Gottbergek Amsterdamen sortutako laukoteak doinu sakon eta sotilak uztartzen dituen estilo baten aldeko apustua egin du. Bere unibertso musikalak harmonia sofistikatuak eta elementu erritmikoak arakatzen ditu, esperientzia berritzailea sortuz.

Lehiaketako lehen saria 4.500 eurokoa da, eta irabazleek zuzeneko CD bat ere grabatuko dute; halaber, jaialdiaren azken egunean arituko dira, kontzertu nagusiaren aurretik, eta Lovainako (Belgika) B-Jazz eta Eivissa Jazz (Espainia) jaialdietan parte hartuko dute, Getxoko Jazzaldiak horiekin sinatutako lankidetza hitzarmenari esker. Bigarren saria 1.900 eurokoa da, eta bakarlari onenak 950 euro jasoko ditu.