BSTK Basotik Fundazioak eta Euskadi Fundazioak 2024. urteko denboraldirako babes akordioa sinatu dute, eta Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko 17 txirrindulariek denboraldian zehar egingo diren lasterketetan jantziko duten kulotearen atzealdean islatuko da lankidetza.

Bi erakundeetako arduradunek Gipuzkoako foru jauregian egindako ekitaldian nabarmendu dutenez, "balio oso garrantzitsuetan bat egiten dugu, eta biok ilusioz eta anbizioz betetako etapa berri bati ekin diogu. Oinarri partekatu horrek eraman gaituela elkarlan hau abian jartzera".

Ekitaldian parte hartu dute Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Aitor Galdos Euskadi Fundazioko lehendakariak, Ane Santesteban txirrindulariak eta Joane Somarriba taldeko enbaxadoreak, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuarekin, Jon Ander Ostolaza BSTK Basotik Fundazioko zuzendariarekin, Andoni Madariaga Euskadi Fundazioko lehendakariordearekin, Ion Lazkano kirol arduradunarekin eta Lourdes Oyarbide eta Naia Amondarain txirrindulariekin batera.

BSTK Basotik Fundazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren %100eko partaidetza duen fundazio publikoa da, eta bere helburua Gipuzkoako basoak uztea saihestea da, baso jabeei zaintza iraunkorreko zerbitzu bat eskainiz herri ikuspegi batetik, alderdi ekonomikoez haratago ingurumen eta iraunkortasun irizpideak kontuan hartzen dituena.

Eider Mendozak adierazi duenez, "funtsezko hiru balio edo apustu nagusi" partekatzen dituzte Laboral Kutxa taldearekin: "Berdintasunaren aldekoa, kirolaren aldekoa, ongizatearen eta bizitza osasuntsuaren iturri gisa, eta iraunkortasunaren eta gure ingurune naturalarekin harmonian eta orekan egongo den etorkizunaren aldekoa. Baita talde lanaren, errespetuaren eta ahaleginaren kulturaren garrantzia ere". "Balio horiek zabaltzeko enbaxadore ezin hobeak zarete, eta horregatik erabaki dugu zuen alde egitea Basotik Fundazioaren bitartez", gaineratu du.

Bestalde, Aitor Galdosek nabamendu du Euskadi Fundazioa "harro" dagoela Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Basotik Fundazioaren babesarekin, "gure basoen etorkizunaren aldeko apustuan sinesten dugulako, gizarte bidezkoagoa, jasangarriagoa eta inklusiboagoa, hau da, guztiontzat hobea lortzeko".

"Laboral Kutxa taldean partekatzen ditugun balioak dira. Talde honek berdintasunaren aldeko borroka du ardatz nagusi, txirrindularitzaren bidez, eta orain helburu horretan Basotik Fundazioa izango dugu bidelagun munduko lasterketa onenetan. Ziur nago mendi garaienetara iritsiko garela, eta eskutik helduta lortuko ditugula amankomunean ditugun helburuak. Eskerrik asko Gipuzkoa, eskerrik asko Basotik Fundazioa", esan du.