'BBK Udalekuak' programak 39. edizioa egingo du datorren udan BBK Urbaibai Zentroan, Busturian, eta izena emateko epea martxoaren 1etik 22ra bitarte egongo da irekita. Aisialdirako gunea eskaintzea da ekimenaren funtsa, umeek modu ludiko eta kooperatiboan ikas dezaten planetaren oraina eta etorkizuna zaintzen, klima aldaketaren aurkako sentsibilizaziora bideratutako jardueren bidez.
Programaren arduradunek jakinarazi dutenez, jasangarritasunaren aldeko apustua aldi honetako eredu gastronomikoan ere nabarituko da, elikadura osasungarria, orekatua, tokikoa eta kalitatezkoa lehenetsiko baita. Umeek menu dibertigarriak izango dituzte, modu osasungarrian eta 0 kilometrko produktuekin prestatutako jakiekin, "sasoikoak, tokikoak eta ekologikoak, inguruko ekoizleek hornituak, BBK-k lehen sektorearekin duen konpromisoaren parte gisa".
Halaber, euskara komunikatzeko hizkuntza gisa sustatzen, baloratzen eta indartzen jarraituko dute BBKren udalekuek, eta ingelesaren erabilera modu erraz eta dibertigarrian bultzatzeko apustuari ere eutsiko zaio.
Izena emateko epea martxoaren 1ean irekiko da, eta, beste batzuetan bezala, beharrezkoa izango da interesdunek 'BBKetaZU' atarian (https://bbkytu.bbk.eus/) erabiltzaile gisa alta ematea 'Pertsonak' atalean eta, ondoren, 'BBK Udalekuak' programan parte hartzeko eskaera egitea. Atariaren bidez izen-ematea egiteko azken eguna martxoaren 22a izango da.
Udalekuak 2011. eta 2017. urteen artean jaiotako neska-mutikoei zuzenduta daude, eta prezioa 220 euro da. Lehen txanda ekainaren 24tik 29ra izango da, bigarrena uztailaren 1etik 6ra, hirugarrena uztailaren 8tik 13ra, laugarrena uztailaren 15etik 20ra eta bosgarrena uztailaren 22tik 27ra. Apirilaren 15ean onartutako eta onartu gabeko plazen berri emango zaie familiei, eta plaza onartzeko edo uko egiteko azken eguna maiatzaren 15a izango da.