Síguenos en redes sociales:

500.000 eurorekin babestuko dute BadaLab hizkuntza berrikuntzako laborategiaren jarduera

500.000 eurorekin babestuko dute BadaLab hizkuntza berrikuntzako laborategiaren jardueraUtzitakoa

Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak 500.000 euroko ekarpen ekonomikoa onartu du Errenterian dagoen BadaLab hizkuntza berrikuntzako laborategiaren jarduera babesteko, Irune Berasaluze foru erakundeko bozeramaileak iragarri duenez.

Gipuzkoako Aldundiak euskararen biziberritzean inplikatutako sektoreekin sustatutako partaidetza prozesuaren emaitza da Badalab; prozesu horretan berrikuntza sortzeko beharrezko oinarriak aurkitzea izan zen helburua.

Laborategiaren oinarria eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza da, gizartearen zenbait sektoretan proiektu berritzaileak sustatu eta testuinguru eleaniztun batean euskara komunikazio hizkuntza nagusi bihurtzeko.

Gipuzkoako Aldundiko diputatuen kontseiluaren 2021eko uztailaren 13ko erabaki bidez onartu zen foru erakundearen, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU), Euskal Irrati Telebistaren (EITB), Soziolinguistika Klusterraren, Euskalgintzaren Kontseiluaren, Arantzazu Gaur fundazioaren, Langune hizkuntza industrien elkartearen eta Euskaltzaindiaren artean hitzarmen bat sinatzeko proiektua, Badalab hizkunza berrikuntzako laborategiaren partzuergoa eratzeko.

Zentroa 2022ko uztailean inauguratu zen, eta 180 metro koadro inguruko bi solairu ditu. Espazio horretan daude, batetik, Badaplaza, adimen kolektiboa sustatu eta ekintza komunitarioak burutzeko, ekoistemako eragileek eta herritarrek erabiltzeko aukera ere emanez; bestetik, proiektuen taldearen zerbitzura daude Badatokia eta esperimentatzeko eta prototipatzeko espazioak. Bertan bat egiten dute euskaratik aniztasunean eragiteko helburua duten Errenteriako beste hainbat elkartek ere.

HIRU LERRO NAGUSI

Goiatz Oiartzabal zuzendari duen laborategiak hiru lerro nagusitan lan egiten du: euskararen erabilera sendotzeko ekosistema berritzaile eta anitza sortzea; abangoardiako prototipo eta proposamen sozial berritzaileak egitea euskaratik, eta euskarazko narratiba eta bizipen berriak sortzea, formatu eta testuinguru anitz eta digitaletan, gazteak kontuan izanda.

Berasaluzek nabarmendu duenez, "Badalabek bide eraldatzaile bat zabaldu du gure hizkuntza biziberritu eta indartzeko, berrikuntza, aktibazio soziala eta esperimentazioa bezalako oinarrizko printzipioetatik abiatuta. Ekimen aitzindaria da Europan, eta fruituak ematen jarraitzea nahi dugu".

"Badalab pizgarria dugu da tresna, proiektu eta baliabide berriak eskatzen dituzten garai berri hauetan. Aniztasunetik abiatuta, lankidetza zabala aktibatuz, eta ikuspegi eraldatzaile batekin, tresna berritzailea da euskararen etorkizuna indartzeko", esan du.