Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek akordioa berritu dute hiru lurraldeetako eremu mugakideetan beren prebentzio, suhiltzaile eta salbamendu zerbitzuen mobilizazioa eta esku hartzea koordinatzeko eta larrialdi egoeretan arreta hobea emateko.

Kontuan hartuta erantzuteko denbora erabakigarria dela artatu beharreko larrialdietan gerta daitezkeen kalteak gutxitzeko, hiru foru erakundeek uste dute interes publikoak modu koordinatuan aritzea gomendatzen duela hiru lurraldeen mugakide diren eremuetan gertatzen diren ezbeharrei berehala erantzuteko, eta akordio berrituak helburu eta asmo hori lortzera dator.

Jone Berriozabal Arabako Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatuak, Ager Izagirre Bizkaiko Aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak eta Irune Berasaluze Gipuzkoako Aldundiko Gobernantza diputatuak sinatu dute hitzarmen berria astelehen honetan Iurretako (Bizkaia) Suhiltzaileen Parkean.

Hitzarmenaren helburua erakundeen arteko lankidetza sustatzea da, batez ere erantzunaren bizkortasuna funtsezkoa den ezbeharretan biktimei lagundu ahal izateko edo gertuen dauden suhiltzaileen jarduera bizkorrari esker egoera larriei ahalik eta denbora laburrenean erantzuteko.

Egoera horien artean daude suteak hiriguneetan edo landa guneetan dauden erabilera desberdineko eraikinetan, mota guztietako industria eta garraiobideetan; salbamenduak, trafikoarekin zerikusia dutenak zein biktimak erreskatatzea eskatzen dutenak, edota euren bizitzarako benetako arriskua duten pertsonei laguntzea; gai arriskutsuak garraioko istripuei eta ihes, isuri edo presio eta tenperatura arazoei dagokienez.

Horrela, akordio berrituaren bidez, hiru foru erakundeek beren baliabide teknikoak eta giza baliabideak batuko dituzte eremu mugakideetan gertatzen diren horrelako egoeretan jarduteko.

Hain zuzen, hitzarmenak jasotzen duenarekin bat, zerbitzu batek beste baten lurraldean esku hartu behar duen bakoitzean, SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak bi zerbitzuei jakinaraziko die aldi berean, eta biak berehala irtengo dira. Foru parkeek beste lurralde historikoetako udalerri mugakideetan eta auzoetan gertatutako ezbeharrengatiko larrialdiko deiei erantzungo diete.

Esku hartze horiek osagarriak izango dira eta, ezbeharra gertatu den lurraldeko foru parkeko kideak bertaratu ondoren, horiek izango dira operatiboaren agintea eta erantzukizuna euren gain hartuko dutenak. Intzidentziaren tamainaren eta garrantziaren arabera, aldameneko lurraldetik mugitutako zuzkidurak edo zuzkidurek laguntzen jarraitu behar duten edo alde egin dezaketen erabakiko dute.