Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) Utdanning & Karriere (Hezkuntza eta Karrera profesionala) nazioarteko hezkuntza azokan izango da asteazkenean eta ostegunean, otsailaren 14an eta 15ean, Oslon (Norvegia). Euskal unibertsitate publikoak lehen aldiz parte hartuko du azokan, Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuarekin lankidetzan.
EHUk bere pabiloia izango du graduondoko eskaintzaren berri emateko (masterrak eta doktoregoak), baita Erasmus+ mugikortasun eskaintzaren berri ere. EHUren arabera, Utdanning & Karriere hezkuntza azoka "aukera paregabea" izango da ikasle potentzialekin harremanetan jartzeko eta etorkizuneko hezkuntzari buruzko erabaki informatuak hartzen laguntzeko behar duten informazioa emateko.
Hain zuzen, Junkal Gutierrez EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotze errektoreordearen hitzetan, "nazioarteko hezkuntza azoketan parte hartzea estrategia eraginkorra da nazioartean graduondoko ikasleentzako unibertsitate lehiakor eta erakargarri gisa ezagutarazteko".
Ikusgaitasuna
"Azokek gure ikusgaitasuna areagotzen dute nazioartean, eta ikasle potentzialekin elkarreragin zuzena izatea errazten dute, EHUn ikasteak dituen abantailei eta onurei eta gure programen eskaintza zabalari buruzko zuzeneko informazioa jaso baitezakete. 'Networking'-erako aukerak ere badira, eta bide zuzenak irekitzen dizkigu talentua erakartzeko eta Estatu mailan zein Europa mailan unibertsitate erakargarri gisa abantailaz kokatzeko", azaldu du.
'Utdanning & Karriere' azokak 14.000 pertsona inguru biltzea aurreikusten du. 2023an 20 herrialdetako 100 erakusketari izan ziren, horien artean, Alemania, Australia, Kanada, Amerikako Estatu Batuak, Frantzia, Italia eta Erresuma Batukoak.