Social archaeology of food in early medieval rural Iberia (5th-9th c. AD) nazioarteko tesiak (Elikaduraren arkeologia soziala Goi Erdi Aroko landa eremuan [Kristo ondorengo V.-IX. mendeak]), Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile Maite Iris García Colladok eginak, Euskal Herriko Unibertsitateak 2023ko ekainean emandako aparteko doktorego saria lortu du.
Goi Erdi Aroko Iberia landatarreko elikaduraren historia soziala zirriborratzen da tesian, hiru eskualdetako elikadura ereduen konparazioan oinarrituta, hezur kolagenoaren gaineko karbonozko eta nitrogenozko isotopo egonkorren analisian funtsatuta. Horretarako, laginak hartu ziren Madril-Toledon, Euskal Herrian eta Katalunian kokaturiko V. eta IX. mendeetako hamar landa kokalekutan; hileta arkeologiaren, demografiaren eta paleodietaren ikuspegitik ikertu ziren kokaleku horiek.
“Goi Erdi Arorako Iberiar penintsulan (inoiz aztertu gabeko eremu geografikoetan) elikadurari buruz orain arte egin diren berreraikuntzetatik handiena da –azaldu digu ikertzaileak–. Tesi honek komunitate zientifikoaren esku jartzen ditu elikadurak Erdi Aroko identitateen eraketan nola isla gisa hala elementu aktibo legez izan zuen garrantziari buruzko datu normalizatu eta metodologikoki eguneratu ugari”.
Aztertutako fauna multzoen arabera, «oso datu interesgarriak daude animaliak kudeatzeko estrategiei eta landa gizarte horietako nekazaritza jarduerei buruz». Eskualde bereko animaliak antzera elikatu ohi ziren, eta horrek esan nahi du inguruneak mugatutako baliabideen eskuragarritasuna funtsezkoa zela, seguruenik, abeltzaintza kudeaketarako estrategiak taxutzeko, eta, oro har, ez zegoela alde nabarmenik behien, ardien, ahuntzen, zaldien eta astoen artean. “Madril-Toledon artatxiki bazkarekin ere elikatzen ziren animaliak, proportzio txikiz bazen ere, eta horrek esan nahi du "modu intentsiboan ongarritutako landareak kontsumitzen zirela". Ziurrenik, hori lortzeko, uztaren ondoren ganadua bazkatzen uzten zen soroetan, eta landa komunitateetan barne kohesio handia zegoela adierazten du horrek”.