Ertzaintzako agenteek 27 urteko gizonezko bat atxilotu dute Pasaian, giza hilketaren saiakuntza leporatuta. Biktimak arma zuriz egindako zauri bat zuen bularraldean, eta Donostia ospitalera eraman dute egoera larrian. Horrez gainera, genero-indarkeriako delitu bat ere leporatu diote, emazte ohiari etxeko giltzak lapurtu eta objektu batzuei su eman baitzion. Herritarren laguntzari esker kalteak txikiak izan direla aitortu du Ertzaintzal. Epaitegietara eraman ostean, atzo arratsaldean kartzelan sartzea dekretatu dute.
Asteartean goizaldeko ordu bi eta erdietan, Pasaiako kale batean lekuko batzuek ikusi zuten lurrean gizon bat zegoela botata eta esku banatan labanak zituen beste bat eraso egiten ari zitzaiola. Oinezkoetako batek inguruan zebilen Ertzaintzaren patruila bati eta ingurutik igarotzen ari zen anbulantzia bati eman zien ikusitakoaren berri. Agenteek erasotzaileari armak kendu eta arrastatu egin zuten. Bien bitartean, osasun-zerbitzuek berehala jardun zuten eta bularraldean arma zuri batekin egindako zauria zuen biktima artatu zuten, eta, ondoren, anbulantzia medikalizatu batek eraman zuen Donostia ospitalera.
Ertzainek egindako lehenengo ikerketen ondorioz, jakin ahal izan zuten labanak ordu erdi lehenago lapurtu zituela emazte ohiaren etxetik, eta etxera emakumeari giltzak kenduta sartu zela. Horrez gainera, etxetik irten aurretik su eman zien objektu batzuei, eta emakumeak berak berehala itzali zuen sua.
Atxilotua 27 urteko gizonezkoa da, hainbat deliturengatik aurrekari ugari dituena, eta polizia-egoitzara eraman zuten eta gaur goizean jarri dute agintari judizialaren eskuetan. Epaitegitik pasa ostean, gaur arratsaldean espetxean sartzea dekretatu du epaileak.