carpe diem filosofia aspalditik dago errotuta gure gizartean. Badakigu teoria zein den, baina onartu behar dugu praktika ez dela hain erraza. Mindfulness-aren onurei buruz ere asko entzun dugu, etorkizuna alde batera utzi eta orainari arreta jartzera gonbidatzen gaituena. Diziplina horietako edozein gure egunerokoan txertatzeak hamaika abantaila ekar diezazkiguke. Adituen arabera, estresa eta antsietatea murrizten ditu, erabakiak hartzen laguntzen du eta ongizate emozionala hobetzen du, eta horrek bizi-kalitate handiagoa dakar. Baina ahalegin guztiak oraina bizitzen jar ditzakegu arren, bizi garen mundu kapitalista honek kontrako norabidean garamatza. Adibidez, abuztuan bufanda eta berokietan pentsatzera bultzatzen gaitu, gauza bera gertatzen da udaberriaren hasierarekin, udari buruz hitz egiten baitigute, eta zer esan gabonei buruz, urriko erdialdera turroiak eta polboroiak supermerkatu guztietan topatzen ditugunean. Urtaro bakoitza bakarra da: naturaren koloreak, sasoiko produktuak, argia... baina oso zaila da bakoitzaz bete-betean gozatzea, datozen hilabeteetan jazoko diren gertaerekin etengabe bonbardatzen bagaituzte. Asko dira hilabete honetan zehar oporrak hartzen dituztenak, eta ziur nago ez dutela kalabazei buruz hitz egin nahi, eta are gutxiago polboroiei buruz.