Han nengoen ni. Kalean topo egin nuen bi ezezagunekin euskaraz hitz egiten. Egoerak ez du ezer berezirik, une hartan inertziak haustea erabaki nuelako ez balitz. Ordura arte, biderik errazena aukeratu nuen beti. Antzeko egoera batean gaztelaniaz erantzungo nukeen, eta hor amaituko ziren beldurrak. Nik bezala euskara ikasten urte asko daramatenek jakingo dute zertaz ari naizen. Hitz egitea erronka nagusia da, eta beldurra sentimendu ageriegia da. Beldurra akatsak egiteari, zuzen ez hitz egiteari, trabatuta geratzeari pentsatuta daukazuna esateko gai ez zarelako... beldurra, azken finean, mailan ez egoteari. Hala izan da beti euskarari berriro ekin nionetik. Urte batzuk euskara ikasten eman ondoren, gramatika gutxigorabehera menperatu eta titulu bat edo beste atera ondoren, berba egiteak bertigoren sinonimo izaten jarraitzen du. Aldi berean, neure buruari galdetzen diot: zer da hobea? Mintzatu, akatsak akats, edo ez erabili? Argi dago hizkuntza bat erabiltzekoa dela eta ahaleginak pena merezi duela. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra Euskaraldian gaude. Euskara plazara ateratzeko aukera ezin hobea da. Beldurrak alde batera utzi eta lorpen txikiak garaipen bihurtzeko aitzakia da.
- Multimedia
- Servicios
- Participación