Txikitatik jaio nintzen kaleari Buenos Aires deitu diogu. Izkina zeharkatu bezain laster, haize bortitz batek nire masailak astintzen ditu. Zerikusirik ez igandekoarekin. Gertatutakoa, hiri osoari Malos Aires deitzeko modukoa da. Gogo txarrez jotzen zuen aireak, soinuak beldurrezko filmekoak edo opera-tragediakoak ziruditen. Eta egia esan, Beatrizek (horrela deitu diote gure citya astindu duen depresioari) utzitako ondorioak benetan beldurgarriak izan dira. Urtetan hazitako sustraiak agerian uzten dituzten zuhaitz eroriak. Adarrak eta hostoak hirian zehar norabiderik gabe. Aldamioak grabitatearen indarrarekin borrokan. Baita edukiontziak ere, Green Capital-en urtemugan ibilgailuak izatera jolasten. Egoera horrek guztiak zur eta lur utzi gintuen gasteiztar guztiak, haize bolada indartsuak iragartzen ziren arren, ez baikenuen horrelako bortiztasunik espero. Eguraldi txarra igarota, Gasteizen normaltasuna berreskuratzeko eta berriro gerta ez dadin saiatzeko ahaleginak egin behar dira orain. Ez naiz depresioaz ari, badakigulako eguraldia oso eroa dagoela klima-aldaketaren ondorioz. Adarrek eta zuhaitzek hainbeste kalte ez jasotzeko, hala nola, edukiontziak hain erraz mugi ez daitezen ainguraketa edo hesiak ipintzea eragin dezaketen aldaketa txikiez ari naiz, alegia.