Niko Etxarten abesti bat etorri zait burura, Arabak asteburuan izango dituen ekintzen ildotik: Euskal Herri rock and rolling. Mendizabalako esparruan Azkena Rock Festival jaialdian murgilduta gaude eta igandean Araba Euskaraz ospatuko da Olarizuko zelaietan, Argantzon ikastolak antolatuta. Gasteizko kaleak euskaraz eta rock-and-rollez betetzen dituzten bi ekitaldi. Bi pasioren inguruan elkartzen gaituzten bi gertaera. Emozio hori bera sentitzen duten pertsonekin berriz elkartzeko balio dutenak. Espiritu horrek mantentzen eta ilusionatzen gaitu urtez urte. Horrela, sentimendu horiek guztiak garbi egon daitezen, denok jarri behar dugu gure alde, norberarekiko eta besteekiko errespetuz eta erantzukizunez jokatzeko. Jende asko bilduko duten topaketa hauen helburua ondo pasatzea eta, gainera, une batez buruhausteak eta arazoak ahaztea da. Baina, batez ere, euskara ikusaraztea, babestea eta hitz egitea da helburua, baita rockaren hizkuntza ikusaraztea, babestea eta hitz egitea ere. Sortzen den klima hori (beste klimaz hobeto hitz egiten ez badugu. A ze beroa!) bakarra da eta ekitaldi horiek zaindu egin behar ditugu betiko iraun dezaten. Merezi dugulako. Gasteiz, Araba eta Euskal Herria euskalduning eta rock-and-rolling.