Síguenos en redes sociales:

Tetrapack 2026 sormen prozesuaren emaitza den 'Barrura' erakusketa inauguratuko dute ostegun honetan Gasteizen

Tetrapack talde sorkuntzako tutoretzapeko prozesuaz gain, argazki eta ikus-entzunezko materialerako 400na euroko txartela oparitu diete gazteei

Tetrapack 2026 sormen prozesuaren emaitza den 'Barrura' erakusketa inauguratuko dute ostegun honetan GasteizenUtzitakoa

Tetrapack 2026 sormen prozesuaren baitan Sua Cangak, Nora Lafuentek, Louisette Cristine Plazaolak eta Jone Carbajosak egin duten 'Barrura' erakusketa inauguratuko da ostegun honetan, maiatzaren 7an, Gasteizko Amarika aretoan. Gazte Klik Klak 2025 argazki eta ikus-entzunezkoen ekoizpeneko lehiaketan irabazle izan ziren lau sortzaileen proiektu kolektiboa ekainaren 7ra arte egongo da ikusgai.

Gasteizko Udaletik jakinarazi duenez, Tetrapack egitasmoaren helburua da artista amateur gazteek hiriko tokiko sektore artistikoan sartzeko aukera izatea, sektoreko profesionalen eskutik. Oraingoan, Itziar Garaluce eta Irati Antia artistek komisariatu dute sorkuntza eta ekoizpen prozesua, eta Rafael Hernandezen laguntza izan du ondoko komisario gisa.

Erakusketaren egile gazteek identitatea eta intimitatea bezalako gaiak aztertu dituzte, normalean ikusezinak diren errealitateei begiratuz. Beraien irudien bidez, gizarte presioaz, leihoa muga gisa erabiltzeaz, adierazten ez diren barne kargez edo gazteen ihesbideez hausnartu dute artistek. "Emaitza alderdi pribaturantz ataria zeharkatzera gonbidatzen duen erakusketa da, normalean ikusezin geratzen dena edo ikusleen ikusmenetik kanpo geratzen dena behatzeko", adierazi dute antolatzaileek.

Lau lanek osatzen dute erakusketa: Cangaren 'Mi ventana (que no es una ventana)', Lafuenteren 'Debe de ser que soy yo', Plazaolaren 'La respiración de lo invisible' eta Carbajosaren 'Pétalo'.

Tetrapack talde sorkuntzako tutoretzapeko prozesuaz gain, argazki eta ikus-entzunezko materialerako 400na euroko txartela oparitu diete gazteei. Lehiaketa Gasteizko Udaleko Kultura eta Gazteria zerbitzuek antolatutako 'Sortzen' gazteen sorkuntzarako programaren barruan sartuta dago, eta Laboral Kutxaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza izan du.