Síguenos en redes sociales:

Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuak 619 plaza eskainiko ditu udan uretako jarduerak egiteko

Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuak 619 plaza eskainiko ditu udan uretako jarduerak egitekoUtzitakoa

Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuak 619 plaza eskainiko ditu uda honetarako, ekainetik abuztura bitartean egingo diren 'Jarduera nautikoak' programaren barruan. Kanpainan parte hartzeko eta izena emateko bi bide daude: jarduera nautikoen campusa, 184 plazarekin, 2026ko Opor Jardueren programaren barruan, eta ur jardueretan trebatzeko hastapeneko ikastaroen programa, 435 plazarekin.

Ana Lopez de Uralde Kirol Zerbitzuko zinegotziak zehaztu duenez, "Kirol Zerbitzuak jarduerak programatu ditu uda honetarako, herritarrek kirola egin ahal izan dezaten naturaz gozatzen duten bitartean. Jarduera nautikoak eskainiko ditugu Uribarri-Ganboako urtegia bezalako paraje paregabean, eta, gainera, gazteek ohiko kirol jarduerak eta aurreko denboraldietan balorazio onena jaso dutenak egiteko aukera izango dute, eta, horri esker, harreman sozialak zabaldu eta kalitatezko aisialdiaz gozatu".

Uribarri-Ganboako urtegian dagoen Gasteizko Klub Nautikoa izango da jarduera guztien erdigunea, eta bertako uretan garatuko dira programatutako jarduerak, hala nola piraguismoa, bela hastapenak, TDV-Windsurf, haurrentzako bela (Optimist) eta Stand Up Paddle surfa (SUP).

Ur jardueretako 57 hastapen ikastaroen programan parte hartzeko, igeri egiten jakiteaz gain, urte naturalean gutxienez 11 urte bete beharko dira, honako ikastaro hauetan izan ezik: Windsurfeko ikastaroetan, gutxieneko adina 13 urtekoa izango baita, bela hastapenetakoan (14) eta Optimist ikastaroan, 8 eta 13 urte bitarteko adingabeei zuzenduta baitago.

Ikastaroak ekainaren 22tik abuztuaren 28ra bitartean egingo dira, astean bost eguneko txandetan. Ordutegia arratsaldez izango da, eta 57 ikastaro eta guztira 435 plaza eskainiko dira.

Udalaren kirol instalazioetako abonatuek jardueretan izena emateko kuota murriztua izango dute. Ikastaroen prezioak 43,06 eta 80,75 euro artekoak dira udal kirol instalazioetako abonatuentzat, eta 71,09 eta 134,58 euro artekoak abonatuak ez direnentzat.

Ekaineko eta uztaileko ikastaroetan, aste bakoitzak eskaintza osoa izango du: piraguismoko bi ikastaro, bela hastapeneko ikastaro bat, paddle surfeko ikastaro bat, TDV-windsurfeko bi ikastaro eta haurrentzako belako ikastaro bat (Optimist). Abuzturako, berriz, piraguismoko bi ikastaroak, paddle surf ikastaroa, haurrentzako belako ikastaroa (Optimist) eta TDV-windsurf ikastaroa antolatu dira, aldi guztietan eskaintza orekatua eta abuztuko beharretara egokituta dagoena bermatzeko.

Ikastaroetan izena emateko epea maiatzaren 18an hasiko da eta dagokion ikastaroaren hasierako egunaren aurreko ostiralera arte egongo da zabalik (betiere tokirik badago). Gizarte etxeetan eta udal kirol instalazioetan, vitoria-gasteiz.org/kirola webgunean edo 010 telefono zenbakiaren bidez eman beharko da izena.

Azkenik, jardueren campusak 184 plaza ditu guztira, 7 eta 15 urte bitarteko gazteentzako '2026ko Opor Jarduerak' programaren barruan. Ekintzak 09:30etik 17:30era egingo dira, eta martxoaren 24an hasi zen izena emateko epea.