Gasteizko Udalak San Kristobalgo eta Pedro Asuako zubietako barandak berritzeko lanei berrekingo die
Obrek barandak osorik ordeztea barne hartzen dute
Gasteizko Udalak astelehen honetan ekin die berriro San Kristobalgo eta Pedro Asuako zubietako barandak aldatzeko lanei, azpiegituren segurtasuna eta egoera hobetzeko asmoz, kontratua azken bost hilabeteetan etenda egon ondoren, Adif erakundearen baimena behar zelako.
Hain zuzen, Adifen baimena ezinbesteko baldintza da lanak egiteko, Madril-Irun trenbidearen gainetik doazen pasabideetan egiten ari diren esku hartzeak direlako. Hori dela eta, obraren hasiera geldiarazi behar izan zen, beharrezko baimen guztiak izan arte, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez.
Bada, izapideak amaitu eta beharrezko baimenak lortu ondoren, Gasteizko Udalak etenaldia amaitzea eta kontratuaren exekuzioa berriz aktibatzea erabaki du, lanak aurreikusitako datan hasi ahal izateko. Jarduketak 200.349,08 euroko aurrekontua eta bost hilabeteko gauzatze epea ditu, eta Draga Group 2008 S.L. enpresak egingo ditu.
Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak adierazi duenez, "hilabete askoan egin dugu lan nahitaezko kanpoko baimenen mende zegoen lehentasunezko jarduera hori desblokeatzeko". "Izapide horiek ebatzi ondoren, pertsonen segurtasuna eta hirian asko erabiltzen diren bi azpiegituren egoera hobetuko duten obrak hasteko prest gaude", gaineratu du.
Adifekiko koordinazioa "funtsezkoa" izan dela nabarmendu du, eta hala izaten jarraituko duela lanak egiten diren bitartean, "berme guztiekin egingo direla ziurtatzeko".
Obrek barandak osorik ordeztea barne hartzen dute, denboraren ondorioz hondatuta baitaude, eta herdoiltze eta higadura arazoak dituzte. Trenbideari eragiten dion eremuan, bandalismoaren aurkako babes berriak jarriko dira, Adifen araudira egokituta eta segurtasun eta iraunkortasun handiagoa eskaintzeko diseinatuta; gainerako zatietan, berriz, egungoak berrituko dira, oinezkoen segurtasuna hobetzeko.
Gainera, San Kristobalgo zubian, espaloiaren zoladura hobetzeko baliatuko da esku hartzea, erabiltzaileentzako irisgarritasuna eta erosotasuna indartuz.