Gasteizko Udaleko Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak Urbabil Dos Mil S.L. enpresari esleitu dizkio Lakua auzoko agorespace gunea berritzeko lanak, 193.187,80 euroan eta egikaritzeko bi hilabeteko epearekin. Auzoko gazteek asko erabiltzen dute Iruñea, Baiona, Wellingtongo Dukea eta Lizarra kaleen arteko parkean dagoen kirolgunea, Gasteizko Udaletik ziurtatu dutenez.
Proiektuaren arabera, futbol zelaiko soropil artifiziala ordeztuko da, ate berriak jarriko dira eta egurrezko elementuak konponduko dira, hala nola barandak, oholtzak eta inguruko eserlekuak. Era berean, zoladurak eta hiri altzariak hobetuko dira, kirol instalazioa erabat eguneratzeko.
Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak azaldu duenez, "Lakuako agorespace auzoko familiek eta gazteek asko erabiltzen duten tokia da, eta jarduketa honekin, haien segurtasuna, erosotasuna eta irudia hobetuko ditugu, erreferentziazko topagune eta kirola egiteko gune izaten jarrai dezan".
"Horrelako esku hartzeek auzoen behar zehatzei erantzuten diete, eta herritarren eguneroko erabilerarako hurbileko, irisgarritasuneko eta kalitateko espazioak hobetzen jarraitzeko aukera ematen digute", gaineratu du.
Bestalde, Europa Jauregiko azalera handiko areto berria egokitzeko eta bertan antolatzen diren biltzar eta ekitaldietarako edukiera eta zerbitzuak handitzeko lanak esleitu ditu ostiral honetan Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak. Esku hartzean 559.631,80 euroko inbertsioa egingo da (BEZ barne), eta sei hilabeteko epea ezarri da. Lanak Zamakoa S.A. enpresak egingo ditu.
"Areto berria eraikinaren hirugarren solairuan egokituko da. 300 metro koadro inguruko azalera izango du, eta instalazioko gainerako tokien energia ziurtagiriaren irizpideak beteko ditu", azaldu du Borja Rodriguez Hiri Ereduaren eta Hirigintzaren zinegotziak.
Horrela, lanek aukera emango dute "espazio zabal, moldakor eta erabat hornitua sortzeko, kongresu jarduerak, hitzaldiak eta erakusketa ekitaldiak hartu ahal izateko". Jendearentzako kokapen desberdinak izango ditu, eta kabina teknikoa eta biltegia ere izango ditu.