Gasteizko Udalak eta Vital Fundazioak festa jasangarriagoen aldeko apustua indartu dute aurten 'Plastikorik ez' kanpaina San Prudentzio jaietara zabalduz, eta horrela, Armentiako Administrazio Batzarraren laguntzarekin, Armentiako zelaietan 50.000 edalontzi berrerabilgarri izango dituzte lehen aldiz apirilaren 28an, erabilera bakarreko 250.000 ontzi inguru "kontrolik gabe" erabiltzea saihesteko.

Bi erakundeek jakinarazi dutenez, proposamen honen bidez, "ingurumen jasangarritasuna, eraginkortasun operatiboa eta herritarren inplikazioa uztartzen dituen eredua indartuko da eta inpaktu txikiagoko eta erantzukizun partekatu handiagoko jaietarantz joango gara".

Gainera, oraingoan, ekimenak osagai solidarioa ere izango du, edalontzi berrerabilgarrien erabiltzaileei proposatuko baitzaie gordailuko euroa Lakua Kirol Klubari dohaintzan ematea, egun bizi duten egoera ekonomiko zailetik ateratzen laguntzeko. Horretarako, jokalarien familiak arduratuko dira, borondatez, edalontzien entrega eta bilketa kudeatzeaz.

'Plastikorik ez' kanpaina hiru printzipio operatiboren gainean egituratu da: hondakinen murrizketa eraginkorra, sinpletasun operatiboa eta erantzukidetasun soziala. Erakundeak, ostalaritza sektorea eta herritarrak inplikatuko ditu kanpainak, aisialdiko testuinguruetan ere ohitura jasangarriak finkatzeko helburu komuna lortzea helburu.

Kanpainaren arrakasta bere funtzionamendu errazean datza: lehenengo kontsumizioa egitean euro bat utzi beharko da edalontzia eskuratzeko, eta edalontzi hori berrerabili, nahi beste aldiz trukatu edo itzuli egin daiteke, dirua berreskuratzeko. Ostalaritzako establezimenduen kasuan, kostuak eta oztopo operatiboak ezabatzeko aukera ematen du sistema horrek, antolakuntzak bere gain hartzen baititu edalontzien bilketa, higienizazioa eta birbanaketa.

Vital Fundazioak edalontziak banatu eta jasotzeko bost karpa jarriko ditu zelaietan banatuta: Administrazio Batzarraren Etxearen aurrean, zabu gunean, bolatokiaren aurrean, kontzesionarioen biribilgunean (Armentiako sarreran) eta Santuaren biribilgunean.