Gasteizko Udalak Aiala Kantzilerra kaleko Bizileku bizikletentzako aparkaleku seguruen modulu berria jarri du martxan, Santa Barbara plazan zegoen aurrekoaren ordezkoa. Programak aldi pilotuaren ondoren izan duen bilakaeraren parte da aldaketa, kokapenak benetako eskariaren arabera egokitzeko eta funtzionamendua hobetzeko.
Horrela, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, Aiala Kantzilerra kaleko modulu berriak bizikletentzako hamar plaza ditu; horietatik zortzi egoiliarrek betetzen dituzte jada, eta bi hutsik daude bizikletarentzat espazio segurua izan nahi dutenentzat. Interesdunek Bizileku atala kontsulta dezakete Gasteizko Udalaren webgunean.
Bestalde, Antso Jakituna kaleko Bizilekuk normaltasunez funtzionatzen jarraitu du aldi osoan, eta "sistemaaren erabilgarritasunaren adibide argienetako bat da, denboran zehar erabilera iraunkor handia izan baitu".
Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak adierazi duenez, "Aiala Kantzilerra kaleko Bizileku berria martxan dago jada, eta lehen unetik harrera ona izaten ari da. Horrelako soluzioek hirian dagoen benetako beharrari erantzuten diote, eta mugikortasun jasangarriagorantz aurrera egiten laguntzen digute, gero eta pertsona gehiagok bizikleta beren egunerokoan erabili ahal izatea erraztuz".
Bizileku bizikletetarako aparkaleku seguruen sistema da, egoiliarrei zuzendua eta, bereziki, bizikletok gordetzeko espazio egokirik ez duten etxebizitzak dituzten eremuetarako pentsatua. Erabilera aldia urte amaierara artekoa da, eta hilean 16 euroko tarifa du. Bizikletaren erabilerari lotutako hobariak eta 2024an abian jarri zenetik ezarritako gainerako baldintzak bere horretan mantendu dira.