Liburu Egunak ospatuko dira Gasteizen apirilaren 13tik 23ra
Gasteizko Udal Liburutegien Sareak sustatutako Liburu Egunak ospatuko dira apirilaren 13tik 23ra eta, lehen aldiz, Montehermoso Kulturgunean egingo dira, Bernardo Atxaga, Nativel Preciado edota Lorenzo Silvaren parte hartzearekin, besteak beste.
Sonia Diaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak adierazi duenez, "urtero, Liburuaren Egunaren inguruan, hainbat jarduera antolatzen ditugu, ospe handiko idazleen eta komikigileen parte hartzearekin. Helburua irakurzaletasuna eta kultura zabaltzea da, eta aurten, gainera, Montehermoso kokaleku gisa hartuta, kulturune hori sustatu eta sinergiak sortu nahi ditugu. Azken batean, programa honek kulturaren eta herritarren arteko topaketa sortu nahi du, irakurketaren eta liburuen bidez".
Egitaraua apirilaren 13an hasiko da, Nativel Preciadoren azken eleberriaren aurkezpenarekin: El pan de mis hijos. Aitziber Perez de Karkamo, arabar komunikatzaileak, idazlea elkarrizketatuko du, literaturan eta kazetaritzan orain arte izandako ibilbide luzearen eta sarituaren inguruan. Gainera, azken liburuaz ere hitz egingo dute.
Hurrengo egunean, apirilaren 14an, Bernardo Atxagak Enarak bere azken lanaren aurkezpen oso berezia egingo du, proiektu desberdin eta apurtzaile honi buruz hitz egiteko testuak, irudiak eta beste elementu batzuk erabiliz.
Apirilaren 15ean, Laura Perez Vernetti komikilariak La venus de los tacones bere azken lana aurkeztuko du, eta emakumeek komikigintzan lekua izateko dituzten zailtasunak izango ditu hizpide, Azucena Mongek gidatuko duen solasaldian. Orobat, Lorenzo Silvak Con nadie bere azken liburua aurkeztuko du apirilaren 16an, Naiara Lopez de Munain kazetariak egingo dion elkarrizketa.
Apirilaren 21ean, hitzordu bikoitza izango da, Javier Alcazar testuen egokitzailearekin eta Manu Arroyal ilustratzailearekin. Nando Lopezen La edad de la ira liburua oinarri hartuta egindako Irakurketa Errazerako egokitzapena aurkeztuko du bikoteak.
Egileekin egingo diren topaketetako azkenean, Mikel Soto historialariak Jon Miranderi buruz idatzi duen entsegua aurkeztuko du: Mirande, herriminez, ezin-minez. Apirilaren 22an izango da, eta Miel Anjel Elustondoren laguntza izango du.
M3MORIA LETRAK
Liburu Egunak programa osatzeko, M3moria Letrak literatura lehiaketako sariak banatuko ditu Martxoak 3 elkarteak apirilaren 23an. Lehiaketaren helburua izan da herritarrak martxoaren 3ko gertaera tragikoetara eta horien testuingurura hurbiltzea, literatura sorkuntza oinarri hartuta, eta kontakizun literariotik abiatuta herritarren parte hartzea sustatzea narratibaren inguruan.
1976ko martxoaren 3ko gertakarien 50. urteurrena ospatzeko antolatutako jardueren barruan sartuta dagoen literatura lehiaketa da, eta Gasteizko Udalaren babesa eta laguntza du.
Jarduerak guztiak 18:30ean izango dira, eta zeinu hizkuntzako interprete zerbitzua egongo da apirilaren 13ko eta 16ko saioetan. Sarrera librea izango da edukiera bete arte eta liburuak saltzeko eta sinatzeko eremu bat egokituko da.
Aldi berean, apirilaren 13tik 23ra, sareko liburutegiek ekintza parte hartzailea antolatuko dute, liburutegiak, helduenak zein haur eta gazteenak, kultur trukerako gune bizi bihurtzeko. Gune horietan, irakurleen komunitatea ospakizunerako protagonista aktibo bihurtuko da, adierazi du zinegotziak.
Horrela, sareko liburutegi guztietan espazio fisiko batzuk izango dira, zinta apaingarriz mugatuta, eta erabiltzaileek idatzizko formatuan edo formatu ilustratuan irakurtzeko iradokizunak utzi ahal izango dituzte, irakurketarekin lotuta herritarrek dituzten gustuak, emozioak eta esperientziak islatzen dituen mural kolektibo handi bat sortuz.