2026rako hiri garraioaren tarifetako hobarien jarraitutasunak dagoeneko badu inplikatutako administrazio guztien oniritzia. Arabako Mugikortasun Agintaritzak gaur goizean egin duen bileran, datorren urtean deskontuak mantentzea ahalbidetuko duten finantzaketa-konpromisoak berresteko balio izan du. Karga ekonomikoen banaketa, beraz, orain arteko berbera izango da: hobariaren % 40tik % 20 Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioak hartuko du bere gain, beste % 10 Eusko Jaurlaritzak, eta gainerako % 10 Gasteizko Udalak.

Neurriaren barruan sartzen da TUVISAren garraioa doakoa izatea 15 urtetik beherakoentzat, eta indarrean jarraituko du BAT txartel pertsonalizatuaren bidez, baita % 40ko deskontua ere abonuetan eta bidaia anitzeko txarteletan eta % 50ekoa gazteentzako bidaietan, betiere, administrazio publikoek elkarrekin egindako ekarpenetatik eratorrita.

“Hobari horiek luzatzeak arindu egiten ditu errenta doituak dituzten familia eta pertsona asko. Gainera, garraio publikoaren erabilera sustatzeko pizgarria da, mugikortasun eraginkorragoa eta ingurunearekiko errespetuzkoagoa lortzeko. Egun hauetan, TUVISAk urtean zehar metatutako 19 milioi bidaia gainditu ditu, eta kopuru historiko hori, besteak beste, deskontu politikari esker lortu ahal izan da”, nabarmendu du TUVISAko presidente Izaskun Reyesek.

Tarifa-baldintza horiek 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera berrituko dira, eta dagoeneko hobaridun tituluak dituzten erabiltzaileek ez dute izapide gehigarririk egin beharko, ondorioztatu dutenez.