Emakume bat atxilotu dute Gasteizen 60tik gora ibilgailutan lapurtzeagatik
Azken hiru hilabeteetan Gasteizko hego-mendebaldean izandako hainbat lapurretaren ondorioz hasitako operatibo berezia bukatu da atxiloketa horrekin, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez
Gasteizko Udaltzaingoko Ikerketa ataleko agenteek 38 urteko emakumezko bat atxilotu zuten ostegunean eta adin bereko gizon bat ikertzen ari dira, indarra erabiliz 60 ibilgailutan baino gehiagotan lapurtzea egotzita.
Azken hiru hilabeteetan Gasteizko hego-mendebaldean izandako hainbat lapurretaren ondorioz hasitako operatibo berezia bukatu da atxiloketa horrekin, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez.
Delituak goizaldean egiten ziren, jende gutxi zebilen lekuetan aparkatutako ibilgailuetan zein hiriko garaje pribatuetan. Kristalak apurtzeko eta ibilgailu barrura sartzeko tresnak erabiliz, baliozko objektuak lapurtzen zituzten, hala nola diru zorroak, ordenagailu eramangarriak eta bestelako gai pertsonalak. Garajeetako ateak irekitzeko urrutiko aginteak ere lapurtzen zituzten, gerora berriro sartzeko.
Gasteiozko Udaltzaingoko Ikerketa ataleko agenteen ikerketei esker, segurtasun kameren analisia, laginak hartzea, lekukoei elkarrizketak egitea, Ertzaintzarekin informazioa trukatzea eta herritarren segurtasunerako patruilen ekarpenak barne, azkenean atxilotua eta bere laguna identifikatzea lortu zen.
Azken lapurretetan, ibilgailuen barrualdetik objektuak lapurtzeaz gain, ibilgailua bera ere lapurtzea lortu zuten, ostutako objektuen behin-behineko biltegi eta garraiobide gisa erabiltzeko.
Asteazken arratsaldean, operatiboaz arduratzen ziren agenteek ikusi zuten atxilotua hainbat lapurretatan zuzenean parte hartu izanaren frogak desegiten saiatzen ari zela.
"Atxilotu zutenean, garajeak urrutitik irekitzeko bi aginte eta kristalak hausteko tresna bat zeramatzan emakumeak. Poliziak atxilotua eta gizona bizi ziren etxebizitza miatu zuten, eta mota bereko hamar aginte baino gehiago, ibilgailuen giltzak eta lapurtutako hainbat elementu aurkitu zituzten. Horien guztien jatorria ikertzen ari dira orain, dagozkien jabeei itzultzeko", azpimarratu dute Gasteizko Udaletik.
Ertzaintzak delitu mota beragatik jarritako hainbat salaketa ere jaso ditu, eta, beraz, polizia kidego horrekin koordinatuta, balizko jabeak aurkitzeko lanean ari dira. Atxilotua epailearen esku jarriko dute datozen orduetan, ikerketa zabalik dago oraindik, eta ez dute baztertzen atxiloketa gehiago egitea.