2025-2026 ikasturte berri honetan, Jose Uruñuela dantza-kontserbatorioa MobPlan izeneko mugikortasun planean, bere Erasmus partikularrean, murgilduko da berriro. “Programa honen helburua da ikasleek esperientzia akademiko eta artistiko berriak bizitzea, beste ikastetxe eta lan egiteko modu batzuk ezagutzea, eta dantzaren munduko hainbat erakunderekin sinergiak sortzea”, azaldu du Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.
Edizio berri honetan 11 ikaslek parte hartuko dute: Lanbide Irakaskuntzetako 5. mailako 7 ikaslek eta 6. mailako 4 ikaslek. Lehen hiruhilekoan dantzako 4 kontserbatorio profesionaletara joango dira: Riba-roja de Túriara, Málagako ‘Pepa Flores’era eta Sevillako ‘Antonio Ruiz Soler’ izenekora, eta Bartzelonako Institut Escola Artístic Oriol Martorellera. Uruñuelako lehenengo 4 ikasleak gaur bertan abiatuko dira.
“Erasmus edo Sicue mugikortasun-programak bezala, MobPlana oso esperientzia aberasgarria da, ikasleei errealitate desberdinetara egokitzen ikasteko eta gaitasun artistiko eta pertsonalak hobetzeko aukera ematen diena”
“Erasmus edo Sicue mugikortasun-programak bezala, MobPlana oso esperientzia aberasgarria da, ikasleei errealitate desberdinetara egokitzen ikasteko eta gaitasun artistiko eta pertsonalak hobetzeko aukera ematen diena”, ziurtatu du zinegotziak.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Gasteizko Udaletik azpimarratu dutenez, Uruñuelako dantzariek bidaiatzeko aukera izan dezaten, beste ikastetxe batzuetako ikasleak Vitoria-Gasteizera etorriko dira, eta gaur bertan iritsiko da lehenengoa Institut Oriol Martorelletik. Ikasturtean zehar 8 pertsona igaroko dira Gasteizko ikasgeletatik, ondorioztatu dute azkenik Gasteizko Udaletik prentsa-ohar baten bitartez.