Gasteizko Udalaren Vitoria-Gasteiz Hobetuz parte hartze programak bere marka hautsi du, herritarrek hiria hobetzeko 450 proposamen bidalita. Herritarren Partaidetzarako Zerbitzuak kudeatutako ekimena hamar urte beteko ditu aurten eta jasotako proposamenen kopurua bikoiztu du, iazko edizioan 228 iritsi baitziren. Gasteizko Udalak asteazkenean argitaratuko du jasotako proposamen guztien zerrenda.
Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotzia pozik agertu da "herritarrek Gasteiz hobetzeko erakutsitako inplikazio handiagatik".
Azaldu duenez, Vitoria-Gasteiz Hobetuz martxan egon den hamar urteetan, "programara aurkeztutako 50 proposamen inguru errealitate bihurtu ditu" Gasteizko Udalak, eta, deialdi berriaren emaitzak ikusita, "agerian geratu da programa hau indartsu dagoela eta hiria hobetzen laguntzen jarraituko duela, ez bakarrik espazio publikoko proiektuetan, baita gizarte, kultura eta kirol arloan ere".
Aurreko edizioetan jasotako proposamenei dagokienez, lehenengoan 203 izan ziren, bigarrenean 170, hirugarrenean 315 eta laugarrenean 228. Bada, bosgarren edizioko epea amaituta, Herritarren Partaidetzarako Udal Zerbitzuak 450 proposamen zenbatu ditu.
"Hurrengo erronka izango da aurrekontuan jasotako hiru milioi euroekin egingo diren proiektuak aukeratzeko bozketetan parte hartuko duten pertsonen kopurua handitzea", adierazi du zinegotziak.
Fase hori amaituta, proposamen guztien bideragarritasunari buruzko azterketa teknikoa hasiko da orain. Horretarako baldintzak dira interes orokorrekoak, udal eskumenekoak, bideragarriak eta aurrekontuaren araberakoak izatea.
PROPOSAMENA
Onartutako proposamen guztiei buruzko informazioa zabalduko da 2026ko otsailean zabalduko da, eta, otsailetik martxora bitartean, 16 urtetik gorako gasteiztarrek hiru proiektu bozkatu ahal izango dituzte. Boto gehien jasotzen dituzten proiektuak 2026ko eta 2027ko udal aurrekontuen bidez gauzatuko dira.
Oro har, eta 450 proposamenak banaka aztertu bitartean, Gasteizko Udalak antzeman du herritarrek mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egin dutela kasu askotan. Espazio publikoa erabiltzea helburu duten ekimenen kopuru handia ere jaso da.