Gasteizko Udalak 250.000 euro inbertituko ditu Lakua, Santsomendi, Arriaga eta Zabalgunean kaleak konpontzeko
Lanak 2026ko udan egingo dira
Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak hiriko hainbat tokitan bide zorua konpontzeko eta adabakiak jartzeko beste kanpaina baterako kontratazio espedientea onartu du, eta Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak bultzatutako jarduketak 250.000 euroko inbertsioa eskatuko du Lakua, Santsomendi, Arriaga eta Zabalgunea auzoetako dozena bat kaletan zoladura hobetzeko.
Gasteizko Udalaren arabera, lanak 2026ko udan egingo dira eta hilabete inguruko iraupena izango dute. Galtzadako zatirik hondatuenak konpontzea izango dute helburu, ibilgailuen, oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko.
"Beharrezko esku hartzea da hiriko bide sarea egoera onean mantentzeko. Urtero adabakiak jartzeko kanpaina hauek egiten ditugu, bide zoruak higadura handiena duen lekuetan bizkor esku hartzeko. Auzoen segurtasunean eta bizi kalitatean egindako zuzeneko inbertsioa da", azaldu du Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren zinegotziak.
Jarduketa gehienak Lakuan egingo dira, 1.500 metro koadro baino gehiagoko azalera konponduz. Zaia Ibaia, Urederra Ibaia, Landaberde, Aralar Mendia eta Baiona kaleetan eta Wellingtongo Dukea kaleko biribilgunean egingo dituzte lanak. Ibilgailuen zirkulazio handieneko eremuak dira, eta asfaltoaren higadura handiena ere hor gertatzen da.
Arriagan, lan gehienak Zadorra hiribidean, Luis Olariagan eta Wellingtongo Dukean egingo dituzte, 1.400 metro koadro inguruko azaleran jardunez. Santsomendin ere egingo dira lanak, eta Antonio Machado kaleko hainbat tartetara iritsiko dira; guztira, bide zoruaren 800 metro baino gehiago berrituko dira.
Azkenik, Zabalgunean, esku hartzeak Olagibel kalean egingo dira, errodadura geruza berritzeko, itsaspena hobetzeko eta zoruaren deformazio txikiak kentzeko.
Temas
Más en Gasteiz
-
Un aniversario lleno de arte con sello alavés para Hibridalab
-
En imágenes: Hibridalab celebra su tercer aniversario
-
Gasteizko Udalak kirol inklusiboa babesteko hitzarmenak sinatu ditu Apdema eta Aspace elkarteekin
-
Un agente de la Ertzaintza fuera de servicio ayuda en la detención de un hombre borracho que estaba intentando acceder a un establecimiento