Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du etxebizitzak eta bizitegi-eraikinak birgaitzeko laguntzen deialdiaren zortzigarren ebazpena, 2024-2025 ekitaldiei dagokiena.
Ensanche 21 Zabalgunea S.A. Udal Sozietateak egindako ebaluazio teknikoaren ondoren, guztira 220.352 euro jasoko dituzten 241 eskaera berri onartu dira. Laguntza horiek hiriko hainbat auzotako bizitegi-higiezinak hobetzeko eta birgaitzeko erabiliko dira, Erdi Aroko Hirigunean izan ezik, auzo horretarako laguntza-poltsa propioa baitago.
Beste 59 eskaera ezetsi egin dira deialdian ezarritako baldintzak ez betetzeagatik. Gainera, ofizioz ezeztatu da eskatzaile bati aurretik emandako ukapen bat, ukapen hori diru-sarrera haztatuen kalkuluan egindako akats baten ondorioz gertatu baitzen. Hori dela eta, orain onuradun gisa hartu ahal izan da.
Laguntza horiei dagokienez, Maider Etxebarria alkateak azpimarratu du Udala ahalegin handia egiten ari dela “hiri-birgaitzea bultzatzeko, hiri jasangarriagoa, bizigarriagoa eta irisgarriagoa izan dadin”. Udal Gobernuak PPrekin lortutako akordioan oinarritzen da, eta ordainketa egindako jarduketak justifikatzearen mende dago, deialdiaren oinarrietan aurreikusten den bezala.
GASTEIZKO UDALA
Bestalde, Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onartu du Goikolarran lokal bat erosteko lehiaketaren hasiera, bertako auzo elkartearen egoitza izan dadin. Lizitazioa Udal Gobernuak EH Bildurekin sinatutako aurrekontu akordioaren parte da. Bertan gizarte-etxe berria egokitzeko 150.000 euroko partida bat agertzen da.
Bertan gizarte-etxe berria egokitzeko 150.000 euroko partida bat agertzen da
Gasteizko auzo-elkarteen egoitza izateko espazioak bideratzea Gasteizko Udala hiriko auzo guztietan aspalditik betetzen ari den konpromisoa da. Jarduketa-esparru horretan, orain arte, Goikolarrako bizilagunen elkartea higiezin txiki bat ari da partekatzen Gardelegiko Kontzejuarekin. Hala ere, egoitzaren tamaina txikia eta erakundeen izaera kontuan hartuta, bi jarduerak bereiztea komeni da, eta, beraz, aurrekontu-itunaren barruan auzotarren kolektiboari lokal propioa ematea erabaki zen.