Gasteizko Udaleko Kultura Sailak Vitoria-Gasteiz Aire Zabaleko XIX. Pintura Lehiaketa antolatu du uztailaren 19rako, '300 urtetako eskulturak Gasteizko Zabalgunean: Errege-erregina godoetatik Wynton Marsalisera' gaiarekin.
Lehiaketan parte hartu ahal izateko izen-ematea irekita dago jada, eta uztailaren 17ra arte egin daiteke Gasteizko Udalaren webgunean edo 010 telefonoan.
Bada, uztailaren 19an, larunbatarekin, parte hartzaileek Gasteizko ondare artistikoa erakutsiko duten artelanak margotuko dituzte 09:00etatik 15:00etara, hiriko hainbat leku eta 29 eskultura oinarritzat hartuta.
Ondoren, 17:00etatik aurrera, Arkupeko pasalekuan ikusi ahal izango dira egindako obrak, eta 19:30ean sariak banatuko dira Andre Maria Zuriaren plazan. Lehen saridunak 1.600 euro jasoko ditu, eta bigarrenak 1.400 euro; Gasteizko margolarien artean ere bi sari banatuko dira, 1.200 euro eta 1.000 eurokoak, hurrenez hurren.
Uztailaren 19an, larunbatarekin, parte hartzaileek Gasteizko ondare artistikoa erakutsiko duten artelanak margotuko dituzte 09:00etatik 15:00etara, hiriko hainbat leku eta 29 eskultura oinarritzat hartuta
Lehiaketa aurkeztean, Sonia Diaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak dei egin die artistei, "artelanez betetako 19. edizio honetan parte har dezaten", eta herritarrei, "urtero egiten diren koadro harrigarriez eta haien sortze prozesuaz gozatzera hurbil daitezen".
BESTE GAI BATZUK
Beatriz Artolazabal Gasteizko Udaleko Espazio Publikoko eta Auzoetako zinegotziak asteazken honetan iragarri du Abetxuku auzoko Kainabenta plazan egingo dela Erdi Aroko hirigunetik kanpo egongo den lehenbiziko igogailua. Hiriko auzoetan egingo den jarduketa "aitzindaria" da, eta inguruko eremu aldapatsuenetako eta iristeko zailenetako batean irisgarritasuna hobetzea du helburu.
Igogailu berriak Kainabenta plazaren goialdearen eta lehendik dagoen eta Kooperatiba plazara daraman bidezidorraren arteko lotura erraztuko du. Auzoko gune jendetsuenetakoa da, bertan baitaude Bizan, Gizarte Etxea eta Abetxukuko herritarrek asko erabiltzen dituzten aisialdirako eta zerbitzuetarako beste zenbait ekipamendu.
"Gure konpromisoa sendoa da: pertsona guztientzat pentsatutako hiria nahi dugu, hiri irisgarria, segurua eta erosoa, modu autonomoan eta duinean mugitzeko. Jarduketa horrek auzoaren benetako eskaerari erantzuten dio, eta beste urrats bat da ingurune inklusiboak eraikitzeko gure helburuaren barruan", adierazi du Artolazabalek.