Iradier Arena "erabilera anitzeko benetako espazio" bihurtzeko IDOM ingeniaritza enpresak egin duen ekintza plana aurkeztu du Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak udal batzordean.

"Kultura Sailak urrats sendoak egiten jarraitzen du Iradier Arena erabilera anitzeko benetako gune bihurtzeko, Gasteizko hiriari bultzada ekonomikoa, soziala eta kulturala emateko", esan du.

Iradier Arenak hiriko ekitaldi handiak hartu ahal izatea posible egiteko Gasteizko Udala gidatuko duen ibilbide orria da Diaz de Corcuerak aurkeztu duena, eta lau urrats izango ditu.

Lehenengoa eta bigarrena Gasteizko Udalak egin beharreko barne lanari buruzkoak dira: txosten ekonomiko-finantzario bat egitea eta lankidetza publiko-pribatua eskatuko lukeen kudeaketa eredua definitzea.

Hirugarren urratsa obra handietan beharrezkoa den laguntza teknikoa lizitatzea da, proiektuaren mugarriak arintzeko, dinamizatzeko eta betetzen direla bermatzeko, eta azkena emakida agiria lehiaketa publikora ateratzea izango litzateke.

BALORAZIOA

"Ekintza planean proposatutako bide orriari jarraituz, eraikuntza proiektua, obren egikaritzea eta emakida bidezko kudeaketa lizitatuko lirateke 2026ko udarako, eta, horrela, udal agindua amaitu aurretik, Iradier Arena martxan uzteko ezarri genuen helburua beteko litzateke", ziurtatu du zinegotziak.

40 milioi euroko kostu zenbatetsia duen eta erreforma integrala jasotzen duen konfigurazio proposamena planteatzen du txostenak

Halaber, 40 milioi euroko kostu zenbatetsia duen eta erreforma integrala jasotzen duen konfigurazio proposamena planteatzen du txostenak. Eraberritzea bi fasetan banatuko litzateke: batean eraikinaren egungo arazoak konpontzeko beharrezkoak diren lanak egingo lirateke, eta bestean espazioaren gutxieneko egokitzapena.

Lehen faseko obren barruan hurrengo hauek egingo lirateke: fatxada osorik eraberritzea, estalkiaren egitura berritzea, higiezinari klimatizazio sistema egokia ematea, bibrazioak kentzea, karga kaia berritzea eta etorkizunerako erabilerarik ez duten espazioak kentzea. "Esku hartze horiek ibiltzen hasteko behar den gutxienekoa izango lirateke, eta 20 milioi euro inguruko kostua izango lukete", zehaztu du.