Andreas Prittwitz musikari alemaniarrak eta Gasteizko Udal Musika Bandak Faunoaren kondaira izenburuko haurrentzako kontzertua eskainiko dute igandean, maiatzaren 25ean, Arabako hiriburuko Felix Petite antzokian.

Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura zinegotziak, Luis Orduña Gasteizko Udal Musika Bandako zuzendariak eta Andreas Prittwitzek berak aurkeztu dute kontzertua prentsa agerraldi batean asteazken honetan.

Diaz de Corcuerak artista "eklektiko, berritzaile eta polifazetiko" gisa aurkeztu du Prittwitz. Jazzarekin loutako askotariko proiektuei ekiten diela azaldu du, "musika barrokoari eta errenazentistari begirada berria emanez".

"Bere jardueraren hirugarren hanka da gaur hona dakarkiguna: familiako kontzertu didaktikoak. Horregatik guztiagatik, kultura berrikuntzari ematen zaion Arteen Serondaya saria eman zioten 2018an", gaineratu du.

Bada, musikari alemanak Pan antzeztuko du, naturaren eta artzainen jainko greziarra, pan txirularen sortzailea eta musikari bikaina. Pertsonaia bihurri eta dibertigarriak bere bizipenetatik gidatuko ditu ikus-entzuleak basotik hirira egindako bidaian zehar, "bandaren barruan errefuxiatutako bere lagun musikarien bila".

Horrela, faunoak 'programako musika' deiturikoa aurkeztuko du, irudiak eta ekintzak soinuz ikusteko konposatutako musika.

Andreas Prittwitzek "arrakasta" iragarri dio kontzertuari. Gogorarazi du 2023an egin zuen aurreko bisitan 'Eolo & Company' interpretatuz Gasteizko Udal Bandarekin bizi izan nuena "ahaztezina" izan zela: "kalitate musikal aparta, taldekideen giza berotasuna eta ikus-entzuleen hurbiltasuna eta gogoa".

"Arrakasta itzela izan zen, eta berriro bizi ahal izatea ametsa eta benetako pribilegioa da. Goazen beste arrakasta baten bila, ba", esan du artista alemaniarrak.