Síguenos en redes sociales:

Gasteizko Udalak 221.300 euro banatu ditu Erdi Aroko hiriguneko etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko

Gasteizko Udalak 221.300 euro banatu ditu Erdi Aroko hiriguneko etxebizitzak eta eraikinak birgaitzekoUtzitakoa

Gasteizko Udalak 221.300 euro banatu ditu laguntzetan Erdi Aroko hiriguneko 52 bizilagunen artean etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko, Hiri Eredu, Hirigintza, Etxebizitza, Garbiketa eta Ingurumen Sailak eta 21 Zabalgunea udal sozietateak ematen dituzten laguntzen seigarren ebazpena ostiral honetan onartu ondoren.

Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, besteak beste, igogailuak instalatzeko eta berritzeko, etxebizitzen energia inguratzailea hobetzeko, eraikinen egitura finkatzeko lanak egiteko, irisgarritasuna hobetzeko eta zaharkitutako instalazioak ordezteko dira laguntzak.

Ostiral honetan onetsitako laguntzak 4.255na eurokoak dira, batez beste; laguntzarik handiena 41.029 eurokoa da, eta txikiena 195 eurokoa, eskatzailearen errenta tartearen eta obraren ezaugarrien arabera.

Oniritzia jaso duten 52 laguntzak aurkeztutako 74 eskaeren %70 dira; gainerako 22 eskaerak kanpoan geratu dira baldintzak ez dituztelako betetzen, atzera egin dutelako edo uko egin dutelako.

Tokiko Gobernu Batzarrak Kitchening Soluciones de Alquiler S.L. enpresari esleitu dio San Prudentzio CIAMeko behin-behineko sukaldea alokatzeko eta instalatzeko kontratua, 227.807 eurotan. Jarduera horri esker, Adinekoen Zerbitzuko egoitza-baliabideetarako eta jantokietarako menuen ohiko ekoizpenarekin jarraitu ahal izango da, zentroko sukalde nagusia hobetzeko obrak egiten diren bitartean.

Kontratuak sukalde erabat funtzionala osatuko duten modulu eramangarrien aldi baterako instalazioa aurreikusten du, hozkailu ganberarako, gela hotzerako, sukalderako, jantokietarako, biltegirako, garbiketarako, plateretan jartzeo eta pickingerako espazio bereiziak barne. Bi grupo elektrogeno ere instalatuko dira, beharrezko hornidura elektrikoa bermatzeko.

Kontratuaren iraupenak hilabete bat aurreikusten du moduluak instalatzeko, eta bi hilabeteko alokairu operatiboa, obren bilakaeraren arabera luzatzeko aukerarekin.

“Kontratu hau funtsezkoa da sukaldeko zerbitzuaren jarraitutasuna ziurtatzeko, kalitateari eta ekoizpen gaitasunari eragin gabe. Gure zentroetako eta jantokietako adineko erabiltzaileek eguneroko menuak normaltasun osoz jasotzen jarraituko dute. Gainera, behin-behineko instalazioak aukera ematen digu aireztapena hobetzeko eta sukalde zentrala lan osasunari eta suteei buruzko egungo araudietara egokitzeko ezinbestekoak diren obratan aurrera egiteko”, adierazi du Lucho Royero Gizarte Politiketako zinegotziak.